Haizetaran ekimenaren esentzia hartu dute oinarritzat: musika kalean eta eszenatokirik gabe, espaloian bertan. Baina, txarangen arteko lehiaketan ez bezala, musika taldeak ez dira kalean gora eta behera ibiliko. Zuzenekoak eskaintzeko atondutako hiru gunetan arituko dira: Harrison plazan, Tomasa tabernaren kalezuloan eta Leku Berri tabernaren ondoko bidegurutze inguruan.
Zornotzako sei taldek parte hartuko dute ekimenean: Enetaran, Steepers, Primeros Auxilios, Zerua Drive, Blanco y en Botella eta Calling de Riot taldeek. Denak Zelaieta zentroan entseatzen duten taldeak dira. “Lutaber elkartetik ideia irten, herriko taldeei gustatu, eta denon artean borobildu genuen ekimena”, azaldu du Lutaber elkarteko Julen Baz-ek.
Talde bakoitzak 45 bat minutuko bi kontzertu eskainiko ditu gune desberdinetan. Txandaka arituko dira. Urriaren28an, 19:30ean, hasiko dira lehenengo emanaldiak, eta 22:30ean azkenak.
Sariak onenentzat
Bi sari egongo dira: adituen epaimahaiarena eta herritarrena. Adituena irabazten duenak datorren urteko martxoan Ametx erakundeak abiatuko duen maketa lehiaketan zuzenean parte hartzeko eskubidea irabaziko du. Herritarren botorik gehien jasotzen dituen taldeak, berriz, 400 euro jasoko ditu. Bigarrenarentzat ere badago saria: 200 euro. Luis Urrengoetxea kaleko tabernetan bozkatzeko guneak egongo dira, herritarrek euren iritzia emateko aukera izan dezaten.