Zornotzako Iraunkortasun Plan berriak 132 ekintza jasotzen ditu

Joseba Derteano 2017ko urr. 10a, 13:00
Iurdana Txintxurreta arkitektoa, Andoni Agirrebeitia alkatea, Anartz Gandiaga hirigintza arloko zinegotzia eta Unai Zeberio ingeniaria gaurko prentsaurrekoaren ostean.

Datozen zortzi urteetan garapen orekatu baterako urratsak emateko norabidea zehazten du.

Zornotzako Udalak datozen zortzi urteetarako iraunkortasun plana onartu du, herrian arlo hori sustatzen eta garatzen lagunduko duten ekintzak finkatzeko. Ekintza plan berriak zortzi lerro estrategiko, esku hartzeko 33 programa eta 132 ekintza ditu. “Gero eta herri iraunkorragora joatea eta baliozko ingurua babestea” dira helburuetako batzuk Andoni Agirrebeitia alkatearen berbetan. Egitasmo transbertsala da, udaleko hainbat sektoretako planetan txertatuko dena. Plana egin aurretik herritarren iritziak jasotzeko batzar ireki bi egin dituzte eta baita inkesta bat ere.

Natura, paisaia eta historiari lotutako ondarea babestea da lerro estrategiko bat. Paisaien kalitatea hobetzea dago ekintzen artean, “batez ere Belatxikieta inguruan”, Anartz Gandiaga hirigintza arloko zinegotziak zehaztu duenez.

Mugikortasunaren inguruko neurriak jasotzen ditu bigarren lerroak. Planean “pisu handia” duen arloa da, Agirrebeitiaren esanetan. Herria bidegorri sareagaz lotzea da jardunbideetako bat.

Energia berriztagarrien erabileraren sustapenean ere eragin gura dute. Esaterako, udal eraikinak energia berriztagarrietara bideratzeko plan bat lantzen ari direla azaldu dute. Klima aldaketaren gaineko sentsibilizazio kanpainak ere lerro honetan sartzen dira.

Baliabide naturalen erabilera zentzuzkoa ere bilatzen du planak, birziklapena bultzatuz eta herriko ur kontsumoa gutxituz, besteak beste.

Herritarren parte hartzea bultzatzea, enpresak eta merkataritza indartzea, berdintasunean eta integrazioan eragitea eta euskararen erabilera sendotzea dira planak jasotzen dituen beste lan ildo batzuk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!