“Lehiarako prestatuta eta gogotsu gaude; igotzeko borrokan aritzeko taldea dugu”

Joseba Derteano 2017ko urr. 6a, 14:50

Zornotza Saskibaloi Taldeak asteburu honetan ekingo dio EBA mailako ligari. Udako buruhauste guztiak alboratu eta astean asteko partiduetan zentratzeko ordua heldu da. Hutsetik abiatuz, Zilarrezko Ligara itzultzen saiatzea da helburua, eta erronka handi horren parte dira Imanol Orue-Mazaga (Berriz, 1996) eta  Markel Mendibe (Durango, 1999). Tabirakoren harrobian hezitako jokalari biek lehen urtea dute Zornotzan.

Joseba Estalayo leioarra da iazko taldetik jarraitzen duen jokalari bakarra. Gainerako guztiak berriak dira, hiru estatubatuar eta bosniar bat tartean. Hori gutxi balitz aste bi eskas bakarrik izan dituzte denboraldia prestatzeko. Hala ere, igotzeko borrokan ibiltzeko taldea dutela uste dute eskualdeko jokalari biek. “Taldea ondo ikusten dut, gogotsu eta lehiarako prestatuta gaude. Gauza batzuk fintzea falta da, baina hori talde denei gertatuko zaie. Goian ibiliko garela uste dut”, dio Orue-Mazagak. Iritzi berekoa da Mendibe ere.

Asteon jokatutako lagunarteko partidu bien artean garapen bat ikusi da. Tabirakoren, euren talde ohiaren kontra, garaipen sufritua lortu zuten lehenengo. Ondoren, Kantabrian 10 puntugatik irabazi zioten euren maila bereko Gallofa taldeari. Torrelavegaren, Kantabriako beste talde baten kontra hasiko dute denboraldia zapatuan, 18:30ean, Larrea kiroldegian.

Erakutsi edo ikasteko gogoz
Orue-Mazagak badaki EBAn jokatzea zer den. Santurtzin ibili zen iaz eta gustura dago erakutsitako errendimenduagaz. “Hasieran erritmoa hartzea kostatu zitzaidan, baina nahiko arin hartu nuen. Egia esanda, ez nuen uste hain denboraldi ona irtengo zitzaidanik eta taldean horrelako pisua hartuko nuenik, EBAn lehenengo urtea nuelako. Baina entrenatzaileak nigan konfiantza jarri zuen eta pozik nago”, adierazi du pibot berriztarrak. Aurten “iazko maila hobetzen” saiatuko da.

Markel Mendiberentzat berria da dena. Hasiberria izango da alderdi askotan. Lehenengo urtea du Tabirakotik kanpora, lehenengoz jokatuko du EBA mailan eta, hori gutxi balitz, aurtengoa du seniorretako aurreneko urtea. 18 urtegaz “ikusteko eta ikasteko gogotsu” dagoela dio. “Jauzi handia da, hori badakit. Beste erritmo bat, kalitate gehiago… eta defendatzen ditudan jokalariek ni baino 20 bat kilo gehiago dituzte. Baina ilusioz nago. Taldean jokalari oso onak daude eta haiengandik ikastea dut helburu. Jokatzen ditudan minutuak saria izango dira, eta ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatuko naiz”, dio joko antolatzaile durangarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!