1992ko Nafarroa Oinezerako Arraroa noski kanta ezaguna sortu zutenetik elkarlanean jardun bakoak ziren Atxaga eta Muguruza, eta azaroan kaleratu zuten Harriaren hiztegia diskoa. Atxagak grabazio horretarako propio idatzi eta Muguruzak disko horretarako konposaturiko musikak biltzen ditu diskoak. Harriaren hiztegia diskoko kantak zuzenean eskainiko dituzte barikuan, Zornotza Aretoan. Jabier Muguruzak aurreratu duenez, bariku honetan Zornotzan egingo duten emanaldiaren ostean, Iruñean eskainiko dute kontzertua, baina ikuskizuna zuzenean gozatzeko aukerak gutxi dira.
Diskoaren grabaziorako hautatu zituzten Naroa Zamora eta Daniela Etxebarria neskatoek kantatuko dute Zornotza Aretoko emanaldian, eta musika hirukote batek lagunduta jardungo dira. Gaurko agerraldian azaldu duenez, soinua joko du Muguruzak, eta hainbat testu errezitatzen ere jardungo da. Haurren mundu ikuskerara gerturatzeko asmoagaz landutakoak dira, Irungo musikariak azaldu duenez, ikuskizun horretako musikak eta berbak, eta "jolasa eta umorea" dira ikuskizunaren ezaugarriak.
Anita Maravillas-en estreinaldia
Abendura arteko programazioaren aurkezpena egin dute, Zornotza Aretoan, gaur. Andoni Agirrebeitia alkateak nabarmendu du, "adin guztiei zuzendurikoa, kalitatezkoa eta bariatua" dela kulturgune horretan datozen hileetarako osatu duten programazioa. Besteak beste, Anita Maravillas konpainia zornotzarrak hiru urtetik gorakoentzat sorturiko Jon Braun ikuskizunaren estreinaldia hartuko du Zornotza Aretoak. Azaroaren 10ean eta 11n eskainiko dute antzoki horretan bertan sortutako obra.
Anita Maravillas taldeko Miren Larrearena ez da izango Zornotza Aretoko ikasturte hasierako zornotzar baten lanaren emanaldi bakarra. Izan ere, urriaren 20an, Margolari diskoko kantak bere herrikideei eskainiko dizkie Mikel Urdangarin Zornotzako musikariak.
Zornotza Aretoaren webgunean dago urriaren 6tik abenduaren 28ra arteko egitarau osoa ikusgai.