Musika eskola berriko proiektuak frontoiko horma bistaratzea aurreikusten du “herriko ondarea zaintzeko”

Anboto 2017ko ira. 29a, 14:04

Osasun zentro zaharra zegoen espazioan eraikiko duten musika eskola berriak izango dituen ezaugarrien gaineko hainbat datu jakinarazi dituzte.

Anbulatorio zaharra datorren urte-hasieran eraistea aurreikusi dute. Horrek 1000 metro karratuko espazioa sortuko du, eta musika eskola kokatuko dute bertan. Proiektuaren protagonista bat pilotalekuaren horma originala izango da. Izan ere, bistan egongo da eta izandako etapa kronologikoak erakutsiko ditu. Udalerriko ondarea “zaintzea” dute helburu udaleko ohar batean adierazi dutenez.

Diseinatutako eraikinak dituen ezaugarrien arabera, gutxieneko ingurumen-eragina eta energia-kontsumoa izango du. Beheko solairua erabat argia izango da eta patio bat egingo dute, Txiki Otaegi kaletik sarbidea izateko. Atezaintza, jendeari harrera egiteko gela eta itxaroteko gunea egongo dira bertan.

Eraikinak beste hiru solairu izango ditu goian, erdiko eskailera baten bidez lotuko direnak. Eskailera kristalez inguratuta egongo da. Horrela, Zelaieta parkera begira dagoen “argitasun handiko espazioa” sortu gura dute.

Lehenengo solairuan, irakasle-gelak, erabilera anitzeko aretoa eta biltegia egongo dira. Bigarren solairuan, zurezko haize eta hari instrumentuetako, gitarrako eta pianoko ikasgelak jarriko dira. Horrez gainera, musika-terapia lantzeko tokia, biltokia egongo dira bertan, besteak beste. Azken solairuan, berriz, alboka, akordeoi, txistu, trikitixa, bateria eta perkusio-instrumentuen ikasgelak kokatuko dituzte, baita joera berrien gela bat ere.

Onetsitako proiektuaren guztizko aurrekontua 2.500.000 euro baino gehiagokoa da, eta 18 hileko egikaritze-epea dauka.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!