Kinerally film laburren lehiaketa egingo dute, asteburu honetan, Zornotzan

Itsaso Esteban 2017ko ira. 26a, 14:15
Iazko lehiaketako parte-hartzaileak, sari banaketa ekitaldiaren ostean.

Kine zineklubaren eskutik, Kinerally film laburren lehiaketaren hirugarren edizioa egingo dute, irailaren 29tik urriaren 1era bitartean, Zornotzan.

Irailaren 29an, 19:30ean, egingo dute lehiaketaren aurkezpen ekitaldia, eta 24 orduz egiten jardundako lanak biharamunean aurkeztu beharko dituzte lehiaketan parte hartzen duten sortzaileek, Zelaieta zentroan. Irailaren 30eko 20:00ak arteko tartea izango dute zinemagileek euren lanak entregatzeko.

Lehiaketaren aurreko bi edizioetan bezala, egun horretan Zornotzan egindako film guztiak proiektatu egingo dituzte, urriaren 1ean, 12:00etan. Emanaldi horren ostean banatuko dituzte sariak.

Zornotzako Kine Zinekluba zinemazale taldearen ekimenez baita, eta udako geldialdiaren ostean, zine zikloa ipiniko dute berriro martxan, urri hasieran. Hautaturiko gai baten inguruko lau film eskainiko dituzte,  hilero, Zornotzan.

Autore berriak
Urriko zikloa Opera prima izenekoa izango da, eta autore berrien lau lan emango dituzte: urriaren 3an, Carla Simón katalanak zuzenduriko Estiu 1993 emango dute, Oscarretarako hautatu berri duten pelikula; 10ean, Eduardo Casanovaren Pieles; 17an, Lino Escaleraren No sé decir adiós; eta 24an Raúl Arevaloren Tarde para la ira eskainiko dituzte.

Zineklubaren hitzordu guztiak Zornotza Aretoan izango dira, 20:15ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!