Hemen irakurri duten oharra:
Duela bi hilabete, Zornotzako jaietan, eraso sexisten aurkako manifestazioan batu ginen.
Ordutik, hainbat herritako jaietan izan dira erasoak:Zarautzen, Bilbon, Lekeition, Gasteizen… Ukituak, jarraipenak, mehatxuak, bortxaketak, jipoiak...
Baina, zoritxarrez, hauek guztiak, edozein esparrutan jasaten ditugu, kale zabalean, lanpostuetako bulegoetan eta etxeko isiltasun arriskutsuan ere.
Eta ez dezagun ahaztu: edonon gertatuta ere, emakumeen aurkako erasoak gizartearen arazo dira eta, ondorioz, guztioi dagokigu eraso horiei erantzutea.
Kasu batzuk kudeatzeko zailak diren arren, eraso matxista bezala identifikatu behar ditugu, emakume izateagatik pairatzen ditugun erasoak direlako. Eta eraso horiek guztiak identifikatzeaz gain, salatu egin behar ditugu, identifikatu eta salatu.
Horregatik atera gara kalera gaur, Zornotzan azkenaldian eman diren eraso sexistak salatzera. Jai giroan ez ezik, erasoak etxeko esparruan ere eman direla jakin dugu. Tamalez, datu triste eta kezkagarriak jaso ditugu uda bukaera honetan.
Hemen elkartu garenok, publikoki adierazi nahi dugu nahikoa dela, eraso guztiak gaitzesten ditugula eta kezka handiz bizi ditugula kasu guztiak, salatzen direnak nahiz salatzen ez direnak.
Era berean, erasoak jasan dituzten emakumeei gure elkartasuna adierazteko eta gu beti ondoan izango gaituztela jakinarazteko bildu gara gaur hemen.
Emakume batek erasoa jasaten duenean, emakume guztion aurkako erasoa delako, ERASORIK EZ, ERANTZUNIK GABE!
GORA BORROKA FEMINISTA!