80 urte bete direnean Zornotzako fusilatuen senideek omenaldi hunkigarri eta xumea egin diete euren arbasoei Zornotzako hilerrian. Ekitaldi horretan, fusilatuen senideek idatzitako hitzak irakurri dituzte, baita Luziano Iturrietak idatzitako azken eskutitza eta Bonifazio Ormaetxearen anaiak sortutako poemak ere. Dantzarien saioaren ondoren lore-eskaintza egin dute. Gero meza eta janaria izan dute.
Lau izan ziren faxistek fusilatuta hil zituzten zornotzarrak:
Leon Urtiaga Elezburu Aita Roman fraile karmeldarra. Zaldibarren jaio zen, baina Zornotzan bizi zen. Zornotzan bertan fusilatu zuten Larreako komentuaren hormaren kontra 1937ko maiatzaren 19an.
Bonifazio Ormaetxea Aldana. Boroan jaio zen eta EAJko Etxanoko lehen lehendakaria izan zen. Gerran Zornotzako defentsa-komiteko kidea izan zen. Derion fusilatu zuten 1937ko irailaren 9an.
Zezilio Zabala Arizmendiarrieta. Boroan jaio zen eta EAJko kidea zen. Derion fusilatu zuten 1937ko irailaren 9an.
Luziano Iturrieta Mendizabal. Euban jaio zen arren, Durangon bizi zen. Tren-gidaria, sozialista eta sindikalista zen. 1939ko urriaren 13an Derion fusilatu zuten.