Damaris Pan mallabiarraren, Usoa Fullaondoren eta Taxio Ardanazen lana dago ikusgai Zelaietan

Itsaso Esteban 2017ko ira. 8a, 13:00

Atzo zabaldu zuten Bosteko erakusketa kolektiboa, Zornotzako Zelaieta zentroan. Arrigorriaga, Basauri, Leioa, Getxoko eta Zornotzako udalek Bizkaiko Aldundiagaz elkarlanean antolaturiko erakusketa ibiltaria da Bosteko, eta herri horietan egingo ditu geldialdiak, abendura arteko XX. edizio honetan.

 

Bizkaian lan egiten duten hiru artistaren lanak osatzen du erakusketa, Damaris Pan (Mallabia, 1983), Usoa Fullaondo (Algorta, 1979) eta Taxio Ardanazenak (Iruñea, 1978). Pintura eta objektu eskultura garaikideko lanak dira.

Damaris Pan mallabiarrak bost margolan ipini ditu erakusketa horretan, azken aldian lantzen jardun den ildoari jarraituz osaturikoak. Aurten egindakoak dira margolan guztiak —horietariko hiru, uda honetan bertan osaturikoak. Koadro batean elementu figuratiboak ere antzematen diren arren, abstraktuak dira erakusketako artelanak, olio-pinturagaz paper gainean egindakoak.

Damaris Panen erakusketa honetako obra guztietan nabarmena da hainbat sorkuntza geruza daudela, bata bestearen gainean, koadro bakoitzean. Mallabitarrak azaldu duenez, “intuizio batetik hasten naiz, eta gutxinaka hasierako hori desagertzen joaten da, hurrengo geruzetan gertaturiko zerbait gehiago interesatzen zaidalako”. "Pinturak uzten duen aztarna horiek" gustoko dituela dio, "azpian beste bizitza geruza bat dagoela erakusten baitute”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!