Herri kirolak gizonen plaza izan dira. Ildo horretatik, mugarri bat zaretela uste duzu?
Baietz uste dut. Aurreko batean, Artaunen aritu ginenean, gizon batek esan zuen. “Begira, guapak dira gainera”. Ea, derrigor handiak, sendoak eta morroskoak izan behar dugu Perurenaren antzera? Jende baten partetik jakin-min modukoa sumatzen dugu: zelakoak garen, zer egingo dugun… Baina, egia esanda, ez da indar kontua bakarrik, talde lana baino. Edozelan ere, normalean, harrera oso ona eta berotasuna jaso izan ditugu. Lana amaitzen dugunean zoriondu egiten gaituzte. Eta ikusleei gugaz tiratzeko aukera eskaintzen diegu, egiten duguna benetan zer den probatu dezaten. Gasteizen zaldiak aritu ziren, lehenengo, harriari tiraka; ostean gu, eta azkenik idiak. Asko gu ikustera etorri zirela esan ziguten arduradunek. Azkenean, nobedadea gara.
Noiz sortu zen Harriti nesken taldea?
2014an Gure Esku Dago dinamikak sustatutako giza katearen harira sortu zen. Herri kirolen erakustaldi berezi bat egin gura zuten. Arkaitz Arana entrenatzaileak ezagutzen zuen herri kirolen mundua eta beragaz hartu-emanetan jarri ziren. Zeanurin eta Soraluzen talde bana sortu zituzten giza katerako. Soraluzekoa egun horretarako bakarrik izan zen, baina Harritik aurrera jarraitu zuen.
Zuk hiru bat hilabete daramatzazu Harritin. Zelan sortu zitzaizun batzeko aukera?
Lankide bat taldekidea da. Aste Santu ostean Morgako proba baterako tiralari bi falta zitzaizkien. Eskaintza egin zidaten, baina egun horretan ezin nuen. Hala ere, kirola gustuko dut eta probatuko nuela esan nien. Aurretik ezer ikusi barik joan nintzen lehenengo entrenamendura. Arnesa jantzi eta aurrera!
Kirol honi buruz aurretik zenekienak eta ondoren ezagutu duzunak badute zerikusirik?
Kanpotik begiratuta, astokeria bat dela dirudi. 500 kiloko harriari tiraka, ematen du indarka bakarrik aritu behar dela, baina ez da horrela. Indarra neurri bateraino behar da. Gehiago da denok batera joatea eta hanken koordinazioa. Nire lehenengo entrenamenduan sumatu nuen hori. Hanka pauso denak batera joan behar dira eta hori lortu arte kolpeka gindoazela igartzen zen. Harria kolpeka eramaten bagabiltza, zerbait txarto egiten ari garen seinale da.
Plazan eta jendaurrean estreinatu zara?
Bai, Santutxun izan nuen estreinaldia, uztaileko jaietan. Goazen toki guztietan ez dago probalekurik, eta gogoan dut Santutxun aldapa gora aritu ginela lanean. Gure helburua taldea ezagutzera ematea da. Askok ez dakite existitzen garenik ere. Beraz, ez digu ardura. Erromon, Gasteizen eta Artaungo (Dima) jaietan ere aritu naiz.
Zelan joan zen Santutxun jendaurreko zure lehenengo jarduna?
Beldurrez joan nintzen, ea zelan arituko nintzen. Gainera, normalean hamar lagun egoten gara, eta zortzirentzako lana denez, txandatu egin gaitezke. Baina Santutxun zortzi bakarrik geunden. Banekien hasieratik amaierara jardun beharko nuela. Zorionez, ondo joan zen, eta gustura aritu nintzen.
Zuen moduko talde asko daude?
Bizkaiko talde bakarra gara. Gipuzkoan beste hiru daude: Mendaron, Ibarran eta Astigarragan. Domeka honetan azken bien eta gure arteko txapelketa dugu Bermeon. 20 minutuan nork untze gehiago egin. Txapelketaren bigarren aldia da. Uste dut denboraldi osoan antzerako txapelketa bakarra dela.
Zer esperantzagaz zoazte?
Pike sano apurtxo bat badago, egia esan. Gabiltzan tokietako argazki asko igotzen ditugu sare sozialetan, baina ez da komeni informazio gehiegi ematea, badaezpada; zenbat untze egiten ditugun, esaterako. Beraz, ez dakigu eurak zelan dabiltzan, baina eurek ere ez gu zelan gauden. Beroa ere faktore erabakigarria izan daiteke.
Asteburu honetakoaz gainera, zeintzuk dira hurrengo hitzorduak?
Besteak beste, hurrengo asteburuan Bilboko auzo batean arituko gara. Irailaren 16an Diman izango gara, Dimetal jaialdiaren harira.
Hitzorduak gehitzen badoaz, talde bat baino gehiago sortu beharko duzue!
Bai. Bizkaiko neskak eta emakumeak kirol hau probatzera animatu gura ditut. Orain 10 gabiltza, baina jende gehiago beti dator ondo. Arratiako taldea zen hasieran, baina, azken aldian, Ugaoko eta Zornotzako bana gehitu gara.
Herri kirolek beste kirol askok baino arreta txikiagoa pizten dute hedabideetan. Errazagoa da, esaterako, saskibaloian hastea. Zelan konbentzitu inor harriari tiraka hasteko?
Herri kirolak hedabideetan agertzen badira, normalean, edo Aitzol Atutxak txapelen bat irabazi duelako edo antzerako zerbaitengatik izaten da. Gizonezkoa delako eta txapelen bat irabazi duelako. Nola konbentzitu? Alde batetik, gure arbasoengandik datorren kirola edo ohitura da. Gainera, nire ustez, oso kirol polita da, indarraz gainera bestelako dohainak ere eskatzen dituena. Behin, taldekideak Derioko erakustaldi batean zebiltzala, hauxe esan zien andra batek hasi eta bost minutura: “Mesedez, geratu zaitezte. Sufritzen nabil zuei begira!”. Sufritzen zegoen kanpotik guri begira. Lasai egoteko esan genion, ondo prestatuta geundela.