Bizkaitar batek jantziko du lehenengoz Master Kaiolako txapela

Anboto 2017ko uzt. 19a, 13:34

Lagun Onak pilota elkarteko eta Ametx erakundeko arduradunak finalak aurkezteko gaur eskaini duten prentsaurrekoan.

Karregal galdakoztarrak eta Agirreamalloa markinarrak jokatuko dute finala.

Zornotzako Master Kaiolako hirugarren aldiak aurretik sekula ikusi bako irudia utziko du: bizkaitar bat buruan txapela duela.  Orain arteko aldi bietan final batera ere ez da bizkaitarrik heldu. Aurten, aldiz, gazteen mailakoa Gaizka Karregal galdakoztarrak eta Josu Agirreamalloa markinarrak jokatuko dute uztailaren 22an, 18:00etatik aurrera.

Aurten lau t’erdian aurrez aurre aurkituko diren bigarren aldia izango da. Maiatzean Bizkaiko txapelketako finala jokatu zuten. Orduan Karregal nagusitu zen, ozta-ozta: 22-20. Aurrekari horrek argi erakusten du maila paretsuko pilotariak direla eta ez dagoela faborito argirik.

Atzelari bat lau t'erdiko finalean

Gazteen ostean, 22 urtez azpikoen finala jokatu dute. Biak lau t’erdikoak dira. Nabarmentzekoa da aurrelarien esparru naturalean atzelari batek muturra sartzea lortu duela aurten. Aitor Aranguren atzelari usurbildarra izango da finalistetako bat. Hori gutxi balitz, gazte mailan aritzeko adina du oraindik, baina 22 urtez azpikoan aritu da. Peio Etxeberria uhartearra izango du aurkari. Hau ere maila handiko pilotaria da eta badaki Zornotzan finala irabaztea zer den: orain urte bi kadete mailako txapela eskuratu zuen. Beraz, “partidu gogorra eta parekatua” aurreikusten du Jabi Emaldi, txapelketa antolatu duen Lagun Onak pilota elkarteko presidenteak. Master Kaiola Euskal Herriko pilota zirkuituan sartu dute aurten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!