Zornotzako jaiak

Marmitakoa, zornotzarren jaiak gozatzen dituen txapelketa

Maialen Zuazubiskar 2017ko uzt. 13a, 09:15

Uztailaren 22an herritarren jaiak gozatzen dituen eta hegaluzea eguneko osagai protagonista den Marmitako Txapelketa egingo dute Zornotzan. Iaz, 3.744 herritar batu zituen.

Txapelketan parte hartu gura duenak izen-ematea aurrez egin beharko duela jakitera eman dute antolatzaileek. Herriko edozein kuadrillak parte hartu dezake lehiaketan, eta bihar arte egin daiteke izen-ematea Ametxeko Gazte Informazio Bulegoan.

Marmitako Txapelketan izena ematerako orduan, parte-hartzaileek hiru kategoriren artean aukeratu beharko dutela jakitera eman dute lehiaketako antolatzaileek. Ondoren, kategoria hauen arabera egingo dute leku, mahai eta aulkien banaketa. A taldean kuadrilla txikiak egongo dira, B taldean kuadrilla handiak, eta C taldea Challangean parte hartzen duten herritar taldeek osatuko dute.

Challengea
Challengea hainbat probaz osatutako lehiaketa da. Zornotzako kuadrillek hainbat proba egin behar izaten dituzte jaietan zehar, eta horietako bat Marmitako lehiaketa izaten da.
Txapelketa hau Challengeko ekintza lez sortu, eta egun hainbat herritarrek parte hartzen duten lehiaketa bihurtu da.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, hainbat probek (piragua, herri kirolak...) osatzen duten lehiaketan parte hartzen duten herritarrei hegaluzea, mahai-tresneria eta ogia emango dizkiete. Horrez gain, hauek beste sailkapen bat izango dutela jakitera eman dute Marmitako Txapelketako antolatzaileek, Challengeko irabazleei, diruaz gain, sailkapen nagusirako puntuak ere banatuko baitzaizkie.

Herri osoan zabalduta
Zubiondo parkearen inguruan egiten hasi ziren lehiaketa herri osora zabalduta dago gaur egun.  Oraindik ere, lehiaketaren erdigunea Zubiondo parkearen inguruan dagoen arren, herriko beste hainbat kaletara zabaldu behar izan dute txapelketa.

Hori horrela, uztailaren 22an, Marmitako usaina eta jai-giroa izango dira nagusi Herriko plazan, Zelaieta Parkean eta San Juan kalean, besteak beste.

Sari banaketarako, parte-hartzaile guztiak Zubiondo parkean batu beharko direla adierazi dute antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!