Hurrengo kontzertuko protagonista Gontzal Mendibil izango da, uztailaren 16an. Nire bihotzak zure begiak ditu azken diskoko abestiekin bertaratuko da zeanuritarra Zornotzako jaietara. Mendibilen zaleek Zelaieta parkean izango dute hitzordua.
Uztailaren 22an, berriz, hiru talde igoko dira taula gainera. Belatz, Txapelpunk eta Itziarren Semeak. Ixerbekoan emango dute kontzertua, 22:00etan.
Rancheren txanda
Puro Relajo talde nafarrak ranchera donuekin dantzan jarriko ditu zale guztiak. Ekainean Axpen (Atxondo) kontzertua eman ondoren, uztailaren 23an Zornotzan igoko dira taula gainera, 22:00etan, Zubiondo parkean. Hau ez da nafarren musikaz gozatzeko eskualdean izango den azken aukera. Izan ere, abuztuaren hasieran Abadiñoko Gerediaga auzoan arituko dira.
Uztailaren 27an mozorro eguneko gaia Mexiko izanik, mariachien musika nonahi izango da. Mariachi Imperial eta Busquitos taldeek Mexikoko musika tradizionalagaz kaleak girotuko dituzte arratsaldean. Gauean, Mariachi Imperial taldeak kontzertua emango du.
Zornotzako musika eskaintzako beste kartelburuetako bat Vendetta talde nafarra da. Ekainean Suitzan eta Alemanian bira egin ostean, jaiak alaitzera etorriko dira ska, rock eta punk doinuak uztartuz, uztailaren 24an, Ixerbekoan. Ondoren, herriko Batek Daki erromeria taldeak gatza eta piperra jarriko dio gauari.
La Orquesta Mondragon taldeak ere bisitatuko du Zornotza, uztailaren 24an. Javier Gurrutxagaren taldea Zubiondo parkean izango da, 23:00etan.
Bestalde, Dance musikaren zaleek Carlos Jeanen disko festaz gozatzeko aukera izango dute, uztailaren 25ean, Zubiondon.