Lasterketa herrikoia elkartasun keinuekin jantziko dute Zornotzan

Joseba Derteano 2017ko uzt. 12a, 08:41

Zornotzako Korrikalariak taldeak aurten ere lasterketa herrikoia antolatuko du uztailaren 23an, Karmen jaien barruan. Izen-ematea doakoa izango da, lehiaren aurretik parte hartzea eta jai-giroa lehenesten dituztelako.

Zortzi kilometroko lasterketa Zubiondo parkean hasiko da. 16 urtetik gorakoak 11:00etan abiatuko dira. Handik beherakoak adinka banatuta eta distantzia desberdinetan arituko dira, 12:00etan hasita. 7 eta 15 urte artekoentzako errelebo proba bat ere prestatu dute.

Lasterketa nagusian aurrez izena emateko azken eguna uztailaren 21a da ondoko webgunean: www.sportmaniacs.com. Plaza mugatuak daude: 200. Gainontzeko mailetan izena emateko, zornotzakokorrikalariak@gmail.com helbidera idatzi daiteke. 50 dortsal gorde dituzte mailako. Proba denetan egunean bertan ere badago apuntatzeko aukera. Partaide denentzat opariak egongo dira.

Proba berezia
12:40an hasiko den lasterketa berezia izango da. Aurreko aldietan legez, sahararren aldekoa izango da eta jatorri horretako hainbat gaztek parte hartuko dute. Baina 800 metroko proba horretarako izen-ematea herritar denei irekita dago eta, besteen antzera, doakoa izango da. Norgroup taldearen laguntzari esker antolatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!