Egiarte: “Bartzelonan, Madrilen edo Sevillan kantatu dut; ametsak gauzatzen nabil gutxinaka”

Itsaso Esteban 2017ko uzt. 10a, 11:00

Carmina Burana operan parte hartuko du Beñat Egiarte Ruizek (Zornotza,1983), uztailaren 16an, Bartzelonako Palau de la Musican.

Hainbat emanaldi eskainiko duzu uda honetan Katalunian eta Euskal Herrian. Ohikoa da udan hainbeste aritzea?
Sasoi honetan ez da opera denboraldirik egoten, eta orain arte nahiko lasaiak izan dira nire udak. Aurten lanpetuago nabil, eta seinale ona da hori.

Bizkaian eskainiko dituzu udako emanaldietako bi abuztuan.
Ilusio handia egiten dit etxetik hain hurbil errezitaldiak eskaintzeak, izan ere, ez dut Euskal Herrian aritzeko aukera askorik edukitzen. Arratzun eta Lekeition arituko naiz abuztuko errezitaldi horietan.

Umetatik daukazu kanturako zaletasuna?
Zornotzan, ikastolako abesbatzan hasi nintzen 11 urte ingurugaz kantuan, eta Abeskimu abesbatzan ibili nintzen gero. 17-18 urtegaz, Euskal Herriko abesbatzen federazioak antolatzen zuen ikastaro batera joan nintzen, udan. Hango irakasleak esan zidan ahotsean banuela dohaina, eta horrek bultzatuta hasi nintzen gutxinaka mundu horretan gehiago barneratzen.  

Bartzelonan sartu zinen operaren munduan?
Medikuntza ikasketak amaitu ostean joan nintzen Bartzelonara, duela 10 urte. 2010ean Sabadelleko opera lehiaketara aurkeztu nintzen, eta opera batean parte hartzeko aukera izan nuen lehenengoz. Hura izan zen nire debuta, Cosi fan tutte obragaz. Hor hasi nintzen gutxinaka eskaintzak jasotzen; hura izan zen, zelanbait, nire tranpolina. Hortik lasterrera, 2013an, kantatu nuen lehenengoz Liceu antzokian eta Palau de la Musican.

Zure burua halako oholtzetan ikustea amesten zenuen?
Bai. Bartzelonan, Madrilen edo Sevillan kantatu dut, besteak beste; nire ametsak gauzatzen nabil gutxinaka.

Sevillako Maestranza antzokian hainbat denboraldi egin dituzu.
Bai, lau urtez deitu didate han kantatzeko, eta gauza handia da hori. Espainiako denboraldirik garrantzitsuenetarikoa antolatzen dute Maestranzan, eta lau aldiz nigan konfiantza izatea oso inportantea da. Esan dezaket hura dela momentu honetan nire etxe musikala.

Zelakoa izaten da Sevillan zaudeneko egunerokotasuna?
Entseguetan gabiltzanean, aurreko gauean jakiten dugu sarritan biharamunean zer lan egingo dugun. Entseguak ahal beste aurreikusten dituzten arren, opera produkzioetan egun batetik bestera asko aldatzen dira gauzak. Ezinezkoa da aurreikustea arazoak non sortuko diren, adibidez.

Egunero lantzen duzu ahotsa?
Bai, noski. Alde horretatik, beste kirolari batzuenaren antza dauka gure egunerokoak. Gure kasuan, laringea da momentu oro zaindu eta ahal beste entrenatzen dugun gorputzeko atala. Momentu batzuetan bigarren maila batean geratzen den arren, beti daukagu presente. Repertoristak izaten dira gure entrenatzaileak, eta gure medikuak dauzkagu.

"Nahiko argi eduki dut beti nire bokazioa kantatzea zela"

Duela hamar urtetik Katalunian bizi da Beñat Egiarte abeslari zornotzarra. Medikuntza ikasi zuen Euskal Herrian, eta 2007an ikasketak amaitu zituenean, kantuan jardun gura zuela erabaki zuen. Kantu ikasketak egitera joan zen Kataluniara, “han harrobi handiagoa” eta emanaldiak eskaintzeko aukera gehiago daudela uste zuelako. “Medikuntza hasi nuenetik nahiko argi neukan nire bokazioa kantatzea zela, baina oso gaztea nintzen kantuan jardutea serio planteatzeko, eta horregatik ikasketak amaitu behar nituela pentsatu nuen”, kontatu du Egiarte zornotzarrak.

“Ez da lanbide erraza, eta gaur egungoa ez da arlo horretan jarduteko garai aproposena ere”, onartu du Egiartek, “baina, gutxinaka, joan dira aukerak sortzen”.

Etxean aritzeko gogoz
Operako edozein abeslariri bezala, berari ere Scalan, Royal Opera Housen edo Metropolitanen kantatzea gustatuko litzaiokeela dio Egiartek, baina “etxean” aritzeagaz ere amets egiten du. Oraindik ez da Bilbon edo Donostian aritu, eta espero du laster opera denboraldi horietan kantatzea.

Uztailaren 16an, Bartzelonako Palau de la Musican du Egiartek hurrengo hitzordua. Carmina Burana operan parte hartuko du. “Askotan abestu dut opera hori, ate asko zabaldu dizkit, eta gustura abesten dut”, dio zornotzarrak, “titulu fetitxea niretzat”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!