Esne Beltza, Gontzal Mendibil, Vendetta eta La Orquesta Mondragon Zornotzako jaietako kartelburu

Jone Guenetxea 2017ko uzt. 5a, 14:22

Eneko Atxa sukaldari zornotzarrak txupinazoa botako du uztailaren 15ean.

Ekitaldi herrikoiz beteta datoz aurten ere Zornotzako karmenak. Uztailaren 15etik 27ra bitartean, jai giroa izango da nagusi Zornotzan. Jaiei hasiera emateko, herriko enbaxadorerik ezagunena aukeratu dute aurten. Azurmendi jatetxeko Eneko Atxa sukaldaria, hain zuzen. Jaien aurkezpenean Andoni Agirrebeitia alkateak azaldu duenez, “ohorea” da Atxa txupinero izatea. Alkatearen esanetan Enekok euskaldunen ezaugarriak islatzen ditu, “kemena, ilusioa, lana...”. Sukaldari zornotzarra ere pozik agertu da jaietan hartuko duen arduragaz.  Txupinazoa uztailaren 15ean izango da, 20:00etan, herriko plazan. 

Kultur proposamen oparoa bildu dute aurten jaien egitarauan. Esne Beltza, Gontzal Mendibil, Vendetta, La Orquesta Mondragon eta beste haibat talde taula gainera igoko dira jaietan. Musika kontzertuez gainera, beste hainbat kale ikuskizun izango dira. Prentsaurrekoan Luziano Martinez Ametx erakundeko presidenteak Kukai dantza taldearen Topa ikuskizuna nabarmendu du. Dantza talde onenaren Max saria jaso eta gero, Kukaikoak Zornotzara etorriko dira. Horrez gain, kale ikuskizunek ere jai giroa piztuko dute. Cia Tornado taldeak Amigos con derecho a robo antzezlana eskainiko du uztailaren 16an. Era berean, ume zein gazteek Goazen telesail ezaguneko abestiak dantzatu eta abesteko aukera izango dute aktoreen laguntzagaz,  uztailaren 20an, 20:00etan Zelaieta parkean. Txistularien XVIII. kontzertuari dagokionez, aurten artista gonbidatua Niko Etxart izango da. Utzailaren 24an jarri dute hitzordua, Zelaieta parkean.

Kirol ekitaldiak

Kirol ekitaldiak jaietako osagai garrantzitsua izaten dira. Zornotzako III. Master Kaiola finalak uztailaren 22an jokatuko dira. Joan zen asteburun final laurdenetara sailkatzea lortu zuten Agirreamalloak eta Aizkorbek gazte mailan, eta Irazustabarrenak eta Mugirok 22 urtez azpikoetan. Bestalde, final erdietara sailkatu dira Zubizarreta 22 urtez azpikoetan eta Sein gazte mailan.

Aurten, pilota partida rofesionalez gozatzeko aukera izango da Amorebieta IV. frontoian, Lagun Onak pilota elkarteak antolatuta. Altuna III- Rezusta eta Irribarria-Zabaleta neurtuko dira uztailaren 16an. Bestalde, nesken arteko eskupilota eta pala txapelketa antolatuko dute aurten, lehenengoz. Euskal Herriko Nesken gomazko paleta zirkuituko txapelketa ere jokatuko dute Zornotzan. 

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!