Urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia ekain hasieran egin zuten. Orduan, Urkulluk ezin izan zuen bertaratu eta gaur joan da. Barnetegiko azpiegiturak bisitatu ostean berba batzuk esan ditu areto nagusian. Barnetegia “aintzidaria eta eredugarria” dela adierazi du. “Apaltasunez, baina harrotasunez esan dezakezue ibilbide askoren laguntzaile izan zaretela, eta hori hitzetan zein ekintzen erakutsi duzue. Bide luzea egin duzue euskararen eta euskal gizartearen mesedetan”, esan du. Urte hauetan lortu dituzten emaitzak ez ezik emaitza horiek lortzeko modua ere azpimarratu du. “Beti lanerako eta elkarlanerako prest egon zarete, auzolana zer den ondo erakutsi duzue”.
Aurten Bai Fundazioak kudeatzen du Barnetegia. Fundazioko lehendakari Mikel Etxebarriak adierazi du sorreratik bertatik argi zutela “euskara denon altxorra” dela. “Euskara ikasi gura duen edonork etxe honetako ateak zabalik izango ditu”, gehitu du.
Finantziazio marko berri baten eskaera
Ekain hasierako ekitaldian egin zuen moduan, erakundeen laguntza, eta “batez ere Eusko Jaurlaritzarena” eskatzeko ere baliatu du bere berbaldia. “Gaur egun aurrera egiteko barnetegiak euskaltegien aldean dituen berezitasunak jasoko dituen finantziazio markoa behar du”, adierazi du.