Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak “eskerrak” eman dizkio Aurten Bai fundazioari “euskararen eta elkarbizitzaren alde” egindako lanagatik. “Barnetegiak euskara gozamenarekin lotu du hasiera hasieratik. Hemendik pasatu direnek kulturari, kirolari, jaiari edo jolasari lotuta ezagutu dute euskara”. 25 urtean 20.000 matrikula eta 10.000 pertsona baino gehiago pasatu direla azpimarratu du.
Aurten bai Fundazioak kudeatzen du Barnetegia. Fundazioko lehendakari Mikel Etxebarriak euskara “denon altxorra” dela eta euskara ikasi nahi duten denek atea zabalik dutela nabarmendu du. “Euskararen irakaskuntzan kalitatezko zerbitzua emateko helburuagaz hasi ginen eta 25 urtean helburu horri gogor heldu diogu. Barnetegia euskararen arnasgune bat da. Gure ametsa euskaradunak egiteaz gainera euskara zaleak egitea da”, gehitu du.
Euskalduntzearen sektorea “laguntza premian” dagoela ere adierazi du eta erakunde publikoen laguntza eskatu du barnetegiak dituen berezitasunak jasoko dituen “finantziazio marko iraunkorra” sortzeko.
Ekitaldia Xabier Euskitze aurkeztu du eta hainbat abesti eskaini zuzenean.