Emakume musikariak izango dira Haizetara jaialdian protagonista

Itsaso Esteban 2017ko eka. 19a, 15:05
Gutxienez taldekideen erdiak emakumeak dituzte lehiaketan parte hartuko duten musika taldeek.

Taldekideen gehiengoa emakumeak dituzten taldeak izango dira protagonista, aurten, Zornotzako Haizetara kale musika lehiaketan. Ekainaren 23tik 25era arte egingo dute lehiaketa horren 12. edizioa, Zornotzan.

Berdintasunaren aldeko borrokarekin bat egin gura du ekimena antolatzen duen Ametx erakunde autonomoak, emakumeak aurtengo lehiaketaren protagonista hautatuta. “Emakumeek kaleko arteetan duten presentzia indartzea eta ikusaraztea”, azaldu dutenez.

Nazioarteko bederatzi taldek parte hartuko dute lehiaketan aurten: Bartzelonako Balkan Paradise Orchestrak, Las Taradas argentinarrek, Durangoko Sugarri fanfarreak, Londresko Tell Tale Tusk taldekoek, Bluenette Sisters & the Seamen Orchestra danimarkarrak, Frantziako Tolosako Wonder Brass Band taldeak, Tokyo Brass Style japoniarrek, The Dawlins madrildarrek eta Pas Ce Soir Chéri belgikarrak.  

Musikaren eta arte eszenikoen arloko pro­fe­sion­alek osatuko dute epaima­haia, eta hiru sari banatuko dituzte: lehiaketako bandarik onenak 10.000 euroko saria jasoko du, 4.000 eurokoa publikoaren gustukoena denak eta 1.000 euroko saria emango diote instrumentista onenari.

Ekainaren 23an, 18:30ean, Zelai­eta parkean egingo duten aurkezpen ofizialak emango dio hasiera jaial­diari, eta ekainaren 25ean amaituko da 2017ko Haizetara, 13:30ean egingo duten sari banaketagaz. Asteburu osoan, Zornotzako kale eta plazetan ibiliko dira Bizkaiko Aldundiak eta Zornotzako Udalak babesten duten musika lehiaketako parte -hartzaileak euren emanaldietan duten onena ematen.

Ekintza osagarriak
Haizetara jaialdiko egunetan, gainera, bi jam-session eta argazki erakusketa bat ere izango dira, Zornotzan. Barikuan eta zapatuan, 23:00etan, izango dira jam-sessionak, Girls Band-ek eta Elsa Lizundia saxofonista bizkaitarrak gidaturik, Harrison hoteleko terrazan.
Zelaieta Zentroan, Serbiako Guça eskualdeko Urrezko Tronpeta jaialdiari buruzko Balkaneros argazki erakusketa egongo da ikusgai. Aurreko edizioetan bezala, bestalde, lau gastronomia gune atonduko dituzte Zornotzako hainbat plazatan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!