Eskaintza zabaltzeko helburuarekin, Zornotzako Udalak eta Lemoako Udalak hitzarmen bat sinatu dute. Akordio horri esker, Zornotzan erroldatuta dauden herritarrei, Lemoako igerileku irekietan abonua eginez gero, Lemoako erabiltzaileei aplikatzen zaien kuota berdina aplikatuko zaie igerilekua erabiltzearren. Lemoarrek ere abantaila berdina izango dute Zornotzan, Larrea kiroldegian dauden igerilekuetan, sei edo hiru hilabeteko abonua eginez gero.
Horrez gainera, Zornotzako padel eta areto futbol elkarteei, Lemoako elkarteen baldintza berdinak aplikatuko zaizkie, Lemoako kiroldegiko azpiegiturak erabiltzeko erreserba eginez gero.
Ganeko igerilekuak
Zornotzan Ganeko igerileku irekiak zabalik egongo dira gaurtik irailaren 15era arte. 11:00etan ireki eta 21:00etan itxiko dituzte. Ganeko igerilekuetan 400 metro karratu baino gehiago dituen berdegune bat dago. Besteak beste irisgarritasuna hobetu dute. Aldagelak ere hobetu dituzte azuleju-estaldura konponduz eta sabaiak eta zoladura margotuz.
Uda sasoia igaro ondoren, igerileku nagusiaren ondoan dagoen egungo aldagelen eraikina ordezkatuko da eta ondoan beste bi eraikin izango dira, bata aldagela izango dena eta bestea biltegia. Eraikin berrien estalkian belar artifiziala jarriko da, bertan egon ahal izateko.