Karmen jaien inguruan Gizaker enpresak egindako inkestaren emaitzak jakinarazi dituzte gaur. 1.500 zornotzarren iritziak jaso dituzte. 1.100 inguru herritarrek helarazitako inkestak dira. Beste 400 telefonoz egin dituzte, metodologia zientifiko bat jarraituz.
Jaien luzeraren ingurukoa izan da galdera bat. Inkestatuen %41ak bere horretan eta ezer aldatu barik mantenduko luke Karmen jaien luzera, uztailaren 15etik 27. Beste %24.5 epealdi horrekin ados dago, baina astegunetako ekitaldiak kenduko lituzke. %25.5ak, berriz, jaiak laburtuko lituzke. Beraz, egiten den gehiketaren arabera, ondoko ondorioak atera daitezke. Alde batetik, herritarren %75 konforme dago jaien luzerarekin, baina %50aren ustez edo astegunetako jaiegunak kendu edo jaiak laburtu behar lirateke. Batzuek Santanatxu eguna kenduko lukete (%14.2), beste batzuek Karmen eguna (%6.3), eta gutxi batzuek bata zein bestea (%5). Beraz, ez dago adostasun garbirik jaien luzera zelan moldatu definitzerako orduan.
Jaiguneen kokapenari dagokionez, (Zelaieta, Herriko Plaza, Zubiondo eta txosnak) herritarren %76k uste du kokapen ona dutela. Txosnei buruz galdetuta, %61.5a gaur eguneko kokapenagaz ados dago. Konforme ez daudenen artean, gehienek Nafarroa landetara (sasoi bateko kamioien aparkalekua) eramango lituzkete.
Jaietako ekintzarik baloratuenak marmitako txapelketa (8.4), txupinazoa (8.02), eta danborrada (7.6) dira. Kontzertuekin batera, ekintza horiexek dira, hain zuzen, jenderik gehien batzen dutenak ere.
Jaiei puntuazioa altua
Inkestak erakusten duenez, herritarrak gustura daude, oro har, jaiekin eta 7ko puntuazioa (1etik 10era) eman diote. “Datu honek jaiak antolatzen ibiltzen direnen lana berresten du”, adierazi du Luciano Martinez zinegotziak eta Ametx erakundeko presidenteak gaurko prentsaurrekoan. Jaietako segurtasunak (7.8) eta garbitasunak (8.04) ere puntuazio altua jaso dute.
Kolektiboekin egindako batzarrak
Azterketan herriko kolektiboekin egindako batzarretan esandakoak ere jaso dituzte. Ostalarik eta txosnetako kideak batu ditu batzar batek eta gazteak zein gurasoen elkarteak beste batek. Horiek parte hartze zabala izan dutela adierazi dute. Aldiz, kirol eta kultur elkarteekin egin gura zuten batzarra bertan behera utzi zuten ez zelako inor agertu.
Inkestaren txosten osoa Zornotza Udaleko webgunean irakurri daiteke.