Barrenetxea: “Ordenagailuek ez dute gaitasunik ustekabeko egoerei erantzuteko, eta horretarako prestatuta gaude gu”

Itsaso Esteban 2017ko eka. 4a, 10:30

Iberia konpainian kopilotu lanetan dihardu Haritz Barrenetxea Arrinda 23 urteko gazte zornotzarrak.

Madrilen zaude. Zertan harrapatu zaitugu?
Bai, Madrilen bizi naiz, eta gaur goizeko seietan simulagailuan lanean jardun ostean, atseden hartzen egon naiz.

Iberia konpainian zabiltza kopilotu lanetan.
Bai, joan den Aste Santuan egin zuten deialdian sartu nintzen Iberiara, oraindik azken ikasturtea egiten nenbilela Salamancan. Unibertsitateko gradua amaitu aurretik sartu nintzen Iberiara. Ekainean proiektua aurkeztu eta gradua aurten amaitzea da nire helburua.

Zein da hilabete honetan amaituko duzun gradu hori?
Pilotu komertzial lizentzia ateratzeko egiten ditugun ikasketa teoriko eta praktikoen osagarri modura, unibertsitate bategaz harremanetan, gradu bat ateratzeko aukera eskaintzen dute zenbait eskolatan. Ingeniaritzako ikasgaiak eta alde enpresarialari loturikoak uztartzen ditu nik egin dudan graduak.

Hilabete bete-beteak izan dituzu, beraz. Gogorra egin zaizu laneko hasiera hori?
Nahiko lanpetuta ibili naiz, bai. Izan ere, Iberian sartzeko hautaketa prozesuan hainbat fase igaro behar izan ditut; azterketa teorikoa, ingelesekoa, psikoteknikoa, taldeko dinamikena, elkarrizketa pertsonala, mediku azterketa, simulagailua...

Zein da, laburtuta, hegaldi batean egiten duzun lana?
Gaur egun hegaldiak oso automatizatuta daude, eta ia ezinezkoa den arren ezer gertatzea, gure lana, batez ere, sor litezkeen ezustekoak kudeatzea da. Ordenagailuek ez dute gaitasunik ustekabeko egoerei erantzuteko, eta horretarako prestatuta gaude gu. Makina funtzionaraztea da, batez ere, gure lana. Horrez gain, hegaldiaren kudeaketa osoaren ardura daukagu; hegaldia erosoa izan dadin eta ahalik eta gasolina kontsumorik txikiena izateko dihardugu.

Askorentzat uda da hegazkinez bidaiatzeko urteko abagunea. Mugimendu gehiago nabari duzue aireportuetan?
Bai, azken hilabetean pilo bat hasi da igartzen: hegaz egiteko ordu gehiago dauzkagu programazioetan, eta egunak luzeagoak dira.

Aireportuetako sasoi honetako masifikazioak zuei ere eragiten dizue?
Normalean, ez. Hegaldia hiru ordukoa baino laburragoa bada, ordubete lehenago fitxatzen dugu tripulaziokoek, eta fakturatu beharrik ez dugunez, ez dugu masifikaziorik jasaten.

Egun eguzkitsuak dira hegaz egiteko aproposenak?
Ez da horren sinplea. Udan, termikak deritzen haizeek sor ditzakete arazoak, adibidez. Madrilen asko gertatzen da: zerua urdin dagoenean eta laino txiki batzuk daudenean gertatzen da. Lurreko berotasunagaz, gorantz doazen haize txorro bertikalak sortzen dira. Lurrera hurbildu ahala turbulentziak areagotzea dakar horrek. Udan, bestalde, ekaitzak sarriagoak eta indartsuagoak izaten dira.

Loiuko aireportuan zerk ezegonkortzen ditu hegazkinak?
Haizeak hego-mendebaldetik jotzen duenean konplikatzen da egoera Loiun. “Zizailadura” esaten zaion turbulentzia mota bat sortzen da han. Aurretik zein atzetik jota, hegazkina ezegonkortu egiten du haize horrek; hegazkina flotarazi egiten du, zelanbait, eta lur hartzea zailtzen dio.

Bidaiariok urduritu egiten gara horrelakoetan. Zelan bizi ditu tripulazioak egoera horiek?
Espero ditugun egoerak izaten dira, nahiz eta ez den gauzarik ohikoena. Edozelan ere, Loiuko aireportuko  bideo ikusgarri horiek salbuespena dira. Gehienetan, egoera horretan, lur-hartze horiek desbideratu egiten dira, Santanderrera edo Gasteizera.

Zure aisialdiko bidaietarako, hegazkina baliatzen duzu?
Autoan ere bidaiatzen dut aukera dudanean, baina konpainiak erraztasunak ematen dizkigu langileoi hegaz egiteko, eta sarritan baliatzen dut aukera hori. Baita oporretan bidaia luzeak egiteko ere.

Umetatik erakarri zaitu mundu horrek?
Ez naiz txiki-txikitatik hegazkinen friki bat izan... Hamalau bat urtegaz hasi nintzen pentsatzen pilotu izan gura nuela.

Gogoratzen duzu hegazkin baten kabinan bidaiatu zenuen lehen aldia?
Bai, eta oroitzapen oso polita daukat. San Frantziskon ibili nintzen lehenengoz. Hilabetez ingelesa ikastera joan nintzen hara, eta hartu ninduen familiako aitonaren abionetan ibili nintzen. Aireratzea eta lur-hartzea berak egin zituen, eta airean gidatzen utzi zidan niri. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!