Uren tasak KPIaren arabera igo eta gaineko denak izoztu egin dituzte

Joseba Derteano 2017ko eka. 1a, 08:00

Ur hornidura eta saneamenduko igoeraren kontra bozkatu dute EH Bilduk eta Hiri Ekimenak.

Joan zen barikuko udalbatzarrean 2018ko zergak eta tasak onartu zituzten. Ia denak bere horretan mantenduko dituzte. Eguneratuko diren bakarrak ur horniduraren eta  ur-saneamenduaren gainekoak dira: %2.3ko igoera, martxoko KPIaren (Kontsumo Prezioen Indizea) mailara.

Igoera honen kontra bozkatu dute EH Bilduk eta Hiri Ekimenak. Zornotzak, gaur egun, %28ko defizita du ur-horniduran eta %57koa saneamenduan eta Europar Batasuneko zuzentarau batek gastuen eta sarreren arteko oreka eskatzen du. Urko Lopezen (EH Bildu) ustez ez dago nahi eta nahi ez Europar Batasunako zuzentarau horiek jarraitu beharrik. “Gure ezezkoa ez da portzentaia kontu bategatik, baizik beste hausnarketa batzuengatik. Esaterako, ongizateari buruzko gaiekin berdin jokatuko dugu? Bruselak hala esaten badu ongizatetik geratzen den apurra desmantelatuko dugu?”. Herritarren “beharrizanak” jarri ditu Europar Batasuneko zuzentarauen aurretik. Garrantzia gehiago ematen dio “udalaren egoera ekonomiko orokorra ona izateari zerbitzu bakoitzaren egoerari etengabe erreparatzeari baino”.

Hiri Ekimeneko Alba Gutierrezen esanetan “oinarrizko zerbitzu batzuk udalaren konpetentzia izatea” gustatuko litzaieke. “Horrela izandada ezagutu ditugu gastuetan %30 aurreztu duten kasuak”.

Iker Basagoitik (EAJ) Hiri Ekimenaren jarrera kritikatu du. “Planteatu daiteke modu honetara edo bestera egitea, baina %30 horregaz defizita estaliko dela esatea ez da serioa. Oraindik estaltzetik urrun geratuko da”.

Udalbatzarrarean ostean, Andoni Agirrebebeitia alkateak azaldu du “erantzukizunez jokatzearren” erabaki dutela igoera. Zuzentaraua indarrean sartzean “herritarrek jasango duten igoera hain handia izan ez dadin”. Beste sektore batzutan gertatu moduan, auditoriarik egiten badute “bide horretan pausuak eman ditugula” erakusteko ere balio duela gaineratu du Basagoitik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!