Zornotzako Sercontrol enpresan piztu den sutea itzali dute suhiltzaileek

J. Derteano / J. Guenetxea 2017ko mai. 20a, 18:56

Enpresa Inbisa industrialdean dago. Lau parketako suhiltzaileak lanean aritu dira sutea amatatzen. Ez da inor zauritu.

Hondakinen inguruko Sercontrol enpresan sutea piztu da, gaur arratsaldean. Sutea larria izan den arren, ez dago zauriturik. Hirugarren mailako sutea izan da eta lau parketako suhiltzaileak bertan aritu dira, 27 suhiltzaile guztira (Iurreta, Basauri, Derio eta Gernika). Enpresako eraikina kiskalita gelditu dela azaldu dute suhiltzaileek. Sua teilatutik ondoko aroztegi batera ia pasatu da, baina garaiz kontrolatu dutenez, kalte arinak baino ez ditu eragin. Beste enpresetara kea baino ez da zabaldu.

Suhiltzaileek prentsari azaldu diotenez, sutean produktu toxikoak erre dira. Ondorioz, sutea amatatzen zebiltzan bitartean hainbat sugar eragin dituzte. 

Bestalde, Sercontrol enpresako biltegi batean 3.000 litro olio zituzten. Suhiltzaileak heldu direnean isuri hori kontrolatu dute. Hala ere, suhiltzaileak heldu orduko isuriaren zati bat errekara heldu da. Ura Agentziako teknikariak egoera aztertzera joan dira.

 

 

 Argazkia: @MunurtuTxiki

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!