Ametx Zornotza finaletik pauso batera dago Granadari irabazi ostean

Anboto 2017ko mai. 19a, 23:01

Argazkia: @zornotzast

Emozioz betetako partidua luzapenean erabaki da: 81-80 zornotzarren alde.

Urrezko Ligarako igoera faseko hirugarren partidua jokatu dute gaur arratsaldean Larrean. Bete-beteko partidua izan da. Andaluziarrak puntu biko aldeagaz joan dira atsedenaldira: 32-34. Bigarren zatian ere parekotasuna mantendu da. Ametx Zornotza hiru puntu aurretik zihoan eta partidua amaitzeko segundo eta erdiren faltan Granadak partidua berdindu du hiruko bati esker. Luzapenak erabaki du irabazlea. Zornotza puntu bat behetik zegoela Cadoten puntu biko saskiraketak aurretik jarri ditu zornotzarrak 19 segundoren faltan eta horrela amaitu da partidua. Kanporaketako bigarren partidua irabazi dute. Ametx Zornotzako Cadot eta Salazar jokalariek 28ko balorazioa izan dute. Cadotek 19 puntu sartu eta 12 errebote eskuratu ditu. Salazarrek 9 punturekin, 18 erreboterekin eta 8 asistentziarekin lagundu dio taldeari.

Domekan, 12:30ean, laugarren norgehiagoka jokatuko dute Larrea kiroldegian. Ametx Zornotzak irabazten badu finalera sailkatuko da. Andaluziarrak gailentzen badira Granadan izango dute bosgarren eta azken partidua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!