1937ko maiatzaren 18an tropa frankistak Zornotzan sartu ziren. Aurreko egunetan —maiatzaren 14an eta 16an, zehazki— bonba su-eragileekin bonbardatu zuten herria, suteak eraginez. Data hori eta Gerra Zibilean hildakoak gogoratzeko, ekitaldia egingo dute zapatuan, 12:00etan, Zelaieta parkean, 2010ean jarritako oroimen plakaren inguruan.
Zornoza elkarteak antolatuko du ekimena, udalaren eta Ametx erakundearen laguntzagaz. Urtero legez ekitaldi laburra izango da, 20 bat minutukoa. Elias Eubak lore eskaintza egingo du eta Alaiak eta Zornotza taldeetako koruek abesti bana kantatuko dute. Aurresku bat ere eskainiko du dantzari batek.