“Lan-jazarpena eta lan karga izugarriak” salatu ditu AKT Plasticos enpresako batzordeak

Anboto 2017ko mai. 17a, 18:51

Gaur kontzentratu egin dira Zornotzako enpresaren aurrean.

Zuzendaritzak langileei “lan-jazarpena”egiten dietela salatu du enpresa batzordeak ELA sindikatutik helarazitako prentsa ohar batean. “Azkenean egoera jasanezina bihurtu da”, gehitu dute. Enpresak jartzen dituen zigorrak ere salatu dituzte. “Egunero ezartzen ditu zigorrak, eta epaitegian galtzen baditu ere, zuzendaritzak etengabe zigortzen ditu beheko mailetan dauden lan-taldeak”, batzordearen esanetan.

Horrekin batera, “lan-karga izugarriak” daudela diote. Horrek “zuzendaritzaren kudeaketa ezin txarragoa agerian uzten du”, salatu dute. Batzordearen esanetan “behin behineko kontratudunen eta bekadunen kopurua onartezina da”.

Horregatik guztiagatik hainbat eskakizun dituzte: “Indarrean dauden zigorrak erretiratzea eta zigor gehiagorik ez jartzea; lan-kargak egokiro kudeatzea; prebentzio-neurririk eza berehala konpontzea eta iruzurrezko kontratazioa amaitzea”. Enpresak eskakizun horiek aditu ezik ez dute ekintza gehiago aurrera eramatea baztertzen oharrean azaldu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!