Zornotzak dagoeneko baditu uztailaren 15etik 27ra ospatuko diren Karmengo jaietan joko duten musika taldeen izenak. Hogei bat talde igoko dira udalerrian zehar jarriko diren agertokietara.
Zubiondoko kontzertuak
Zornotzako gaua girotzeko ardura izango duen lehenengo taldea Esne Beltza izango da. Hip hop, reggae, soul, rock, folk eta cumbia doinuak uztartzen dituen euskal taldeak Zubiondo parkean joko du larunbatean, uztailaren 15ean. Agertoki horretan arituko da baita ere En Tol Sarmiento, euskaraz nahiz gaztelaniaz abestu eta askotariko gaiak jorratzen dituen ska talde arabarra (igandean, uztailaren 16an); Family Atlantica taldea ere Zornotzan izango da Cosmic Unity izeneko bigarren diskoa aurkezteko egiten ari den biraren baitan. Mundu osoko soinuak (Londres, Venzuela, Nigeria eta abar) biltzen dituen talde honek ostegunean, uztailaren 20an, eskainiko du kontzertua. Tokiko musika ezin da falta Zornotzako jaietan. Horiek horrela, Setenta y Uno taldeko kideak, Durangaldeko Maketa Lehiaketako irabazleak, uztailaren 21ean igoko dira agertokira. Jarraian, Calum bakarlariaren txanda helduko da, publiko gazteenari zuzenduko zaiona.
Biharamunean, uztailaren 22an, berbena izango dugu London Orkestraren eskutik. Igandean, hilaren 23an, Puro Relajo bertsio taldeak emanaldia eskainiko du. Eta hurrengo egunean, Orquesta Mondragón taldeak publiko helduena animatuko du. Uztailaren 25ean, aldiz, Carlos Jean DJak izango du Zornotzako gaua girotzeko ardura.
Zubiondo parkeko azken kontzertua Santanatxuko Mariachiek eskainiko dute jaien azken egunean.
Ixerbekoako kontzertuak
Ixerbekoa gazteei zuzendutako zazpi kontzerturen agertokia izango da. Zirkinik bez taldeak rockarekin nahasitako ska abestiak eskainiko dizkigu, larunbatean, uztailaren 15ean.
Ostiralean, uztailaren 21ean, erromeria izango dugu Garilak 26 taldearen eskutik. Larunbatean, uztailaren 22an, Belatz rock taldearen eta Txapelpunk euskaraz abesten duen punk taldearen txanda izango da. Horiekin batera, Itziarren Semeak taldekoek ska, punk eta reggae doinuak uztartuko dituzte.
Hilaren 24an ska musika izango da nagusi Vendettaren eskutik. Horren ostean, Batek Dakik girotuko du goizaldeko erromeria.
Zelaietako kontzertuak
Gontzal Mendibil abeslaria igandeko, uztailaren 16ko, protagonista izango da. Helduek zeanuritarraren abestiekin primeran pasatzeko aukera izango dute, Zelaieta parkera hurbiltzen diren zornotzarrak gozaraziko dituena.
Nafarroako kontzertuak
Oihan Vega euskal DJak herriko gazteenak animatuko ditu uztailaren 23an, Nafarroako aparkalekuan eskainiko duen erritmoz betetako hitzordu musikalean.