Amorebieta futbol taldeak mailari eutsi dio Logroñesi irabazita

Joseba Derteano 2017ko mai. 8a, 11:20

(Argazkia: @Alec_Fiddes10)

Obietaren gol bati esker Bigarren B Mailan jarraituko dute datorren denboraldian. Mikel Muniozgurenentzat azken partidua izan zen.

Amorebietak 1-0 menderatu zuen goiko postuen borrokan zebilen Logroñesi. Partidu amaieran Amorebietako jokalari eta zaleek zelaian ospatu zuten garaipena eta ospakizunak aurrera jarraitu zuen aldagelan.

Denboraldi konplikatua izan du Aitor Larrazabalek zuzendutako taldeak. Sailkapeneko beheko postuetatik irten ezinik ibili dira denboraldiko zatirik handienean. Orain, maila segurtatuta, azken jardunaldiari orain arte falta izan zaien lasaitasunagaz aurre egiteko moduan daude. San Sebastian de los Reyes taldearen kontra jokatuko dute. Madrildarrak jaitsierako promozio postuan daude.

Amorebietaren garaipenagaz beheragoko mailetan dabiltzan talde batzuek ere arnasa hartuko zuten. Izan ere, Sestaok eta Zamudiok maila galdu dute eta arrastreen zurrunbiloan hirugarren talde bizkaitar bat egotea ekidin du atzoko emaitzak.

Muniozgurenen agurra

Mikel Muniozgurenek futbola utziko du Amorebietan bost urte eman ostean eta agur gutuna argitaratu du sare sozialetan. Honela dio: “Eskerrak eman nahi dizkiot Amorebietari 5 urte hauetan bizi izan ditudan momentu guztiengatik. Eskerrak izan ditudan taldekide eta entrenatzaile guztiei. Eskerrak nere emazteari beti alboan izateagatik eta baita Amaia, Eugenio, Jon, ene Lucia txikia, aita, ama eta Nereari. Oroitzapen asko datozkit burura, baina atzo nere iloba Eiderren hitzak eta Jon eta Lucia nere besoetan, sekula ahaztuko ez dudan une bat izan zen. Eskerrik asko atzo Urritxen batu zineten zale guztieri. Eskerrak Alex eta Saioa taldea horren ondo zaintzeagatik. Bihotzez eskerrak guztioi”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!