Ohi bezala, musika eskaintza eklektikoa dakar Eleizetan zikloak Zornotzako auzoetara, musikariekiko hurbiltasun handiko kontzertuetan. "Oso harro gaude hain programa berezi eta intimoa hamabost urtez mantentzeagaz", adierazi du Agirrebeitia alkateak.
Iagoba Fanlo musikari donostiarrak eskainiko du, bariku honetan, 20:00etan, zikloaren barruko lehenengo emanaldia. Bach-en piezak eskainiko ditu Madrilgo goi mailako errege kontserbatorioko hari instrumentuen saileko burua den Fanlo txelistak Zornotzan.
Gani Mirzo laute jole kurduaren hirukoteak joko du zikloaren barruko bigarren hitzorduan. Maiatzaren 13an, 20:00etan, Garitondoko San Isidron izango da emanaldi hori. Ugartek azaldu duenez, errefuxiatua da Mirzo, eta Bartzelonan bizi da azken urteotan. Neila Bembey algeriarrak eta Juan José Barredak lagunduta arituko da Zornotzan. "Ekialdeko sonoritateak" izango dira kontzertu horretan protagonistak.
Judu sefardien musika izango da, bestalde, maiatzaren 14an entzungai. Iris Azquinezer txelistak eta Rainer Siferth gitarristak osatzen duten Zaruk bikoteak joko dute egun horretan, 12:15ean, Bernagoitiko San Migel elizan.
Aurten ere badago Eleizetan zikloaren barruan Musikeneko ikasleen emanaldi bat. Arteko hirukotea gonbidatu dute, maiatzaren 20an, Dudeako San Migel ermitan jotzera. Unai Celaya biolinistak, Guillermo Pérez tronpa-jotzaileak eta Andrés Martínez pianistak osatzen dute hirukote hori, eta 12:15ean hasiko dute emanaldia.
Ana Uriarte zornotzarrak zuzentzen duen BIOS orkestraren eta Iñaki Alberdi akordeoilariaren emanaldiagaz amaituko da 2017ko Eleizetan. Gustav Holst, Bela Bartok eta Astor Piazzolaren konposizioak eskainiko dituzte, maiatzaren 21ean, 12:30ean, Etxanoko Andra Mari elizan.
Kontzertuetara joateko autobusa
Aurreko urteetan bezala, Zornotzako herrigunetik kontzertuak izango diren baselizetara joateko autobus zerbitzua eskainiko du udalak. Kontzertua hasi baino ordu erdi lehenago aterako da autobusa Gudari kaleko autobus geltokitik —hiru ordu laurden lehenago maiatzaren 14ko kontzertuaren kasuan.