Guneei dagokienez, “derrigorra da herriko erdigunea bizi eta alai sentitzea”, jasotzen du dokumentuak. Hori kontuan hartuta, hiru gune nagusi proposatzen dituzte: Zelaieta parkea, Zubiondo plaza eta Herriko plaza. Txosnak Zelaietan eta Zubiondon egongo lirateke. Gudari kalea ixtea proposatzen dute, segurtasunagatik.
Egutegiari dagokionez, “jaiak laburtzearen aldekoak” dira. Egutegiak eskaintzen dituen aukerak ikusita, bost alternatiba aurkeztu dituzte.
Egitaraua eta ekintza konkretuak dira txosnetako beste atal bat. Danborrada “goi mailako ekintza soziala” bihurtzea proposatu dute, adibidez, helduena eta txikiena egun berera —ordutegi desberdinekin— ekarrita. Santanatxu egunak izan duen espiritua berriro indartzea da beste ideia bat “egun erosoago batean kokatuz”.
Proposamen osoa EH Bilduren blogean (ehbilduzornotza.eus) irakurri daiteke.