Alain Concepción: “Gure helburu nagusia publikoagaz benetako komunikazioa lortzea da”

Itsaso Esteban 2017ko mai. 1a, 10:30

Alain Concepción —eskuinean—, duela bi urte eratu zuen hirukotean lagun dituen Julio Veiga eta Jose Gallardogaz.

Musikari autodidakta eta kantu irakaslea da Alain Concepción. 16 urtegaz hasi zen hainbat taldetan kantatzen, eta, besteak beste, rocka eta heavya jorratu ondoren, soulean eta jazzean murgilduta dabil azken aldian. Hamarkada bat baino gehiago darama zenbait proiektutan. 2011n kaleratu zuen bere lehenengo lana, eta R diskoa, 2014an. 

Alain Concepción & The Soulmen taldean diharduzu azken bi urteetan. Zelan sortu zen?
R diskoan nigaz jardun ziren Julio Veiga pianistagaz eta Jose Gallardo saxofonistagaz sortu nuen Alain Concepción & The Soulmen. Horren ostean, zuzeneko emanaldi batzuk eskaintzen hasi ginen, eta orain diskoa grabatzeko ideia sortu zaigu. Hirukote formazio bereziko taldea da gurea, ez baita ohikoa baxu-jotzailerik eta bateriarik barik jardutea.

Plateruenean jo zenuten otsailean. Zelan joan zen saio hura?
Bai, hango Jam Sessionean jo genuen, saioa zabalduz. Oso sentsazio onak eduki genituen, entzulegoa oso adi nabaritu genuen. Hain justu ere,  gure helburu nagusia publikoagaz benetako komunikazioa lortzea da. Plateruenean magia hori lortu genuela sentitu genuen, eta asko poztu ginen.

Maiatzaren 5ean zuzeneko grabazioa egingo duzue, hurrengo diskora begira. Aurretik egin duzue halako zerbait?
R diskoa ere zuzenean grabatu genuen, musikari guztiek batera jotzen. Baina maiatzaren 5eko emanaldiaren berezitasuna izango da publikoa estudioan egongo dela gugaz. Guretzat kontzertu bat bezalakoa izango da, eta lan handia egiten gabiltza emanaldi hori prestatzeko. Zerbait berezia egin gura dugu, jotzen gabiltzanean bizi duguna transmititu. Grabazio horretatik aterako ditugu gero diskoaren osagaiak.

Edozein joan ahalko da diskoaren grabazio kontzertu hori entzutera?
Bai. Gure Facebook orrian publikatu dugun helbidera mezu elektroniko bat bidalita eman daiteke izena. Crowdfunding estiloko zerbait izango da: izena ematen duenak kontzertu horretarako sarrera jasoko du, eta kaleratzen dugunean diskoa ere bidaliko diogu emandako laguntza eskertzeko. Laguntzen diguten horien guztien izenak agertuko dira diskoan. Datozenentzat kontzertu hori berezia izatea da gura genukeena, eta kolaborazioak ere izango dira. Diskoa uda osterako kaleratzea gura genuke.

Zer errepertorio eskainiko duzue maiatzaren 5eko saioan?  
Nire kanta berri batzuk eta hainbat bertsio ere joko ditugu — Marvin Gaye edo Stevie Wonderrenak moduko soul, funk eta blues ukituko kantak.

R diskoa ezagutzen dutenek zer entzungo dute desberdina disko berri horretan?  
R diskoaren germena hor dago kanta berrietan ere, azken finean ni bainago kanten atzean. Baina egia da ere, ni aldatu egin naizela ordutik: ez naiz duela lau urte disko hura grabatu zuen pertsona bera. Eta aldaketa hori nabarituko da kantetan. Bestalde, Alain Concepción & The Soulmen formazio bereziko taldea da, eta soinu berezia dute kantek. R egiterakoan nire helburua ahalik eta publiko zabalenari zuzentzea zen, eta alde horretatik ere bestelakoa da orain egiten duguna: entzuleari apur bat gehiago eskatzen dio orain egiten dugun musikak.

Zer zentzutan eskatzen dio entzuleari gehiago?
Lehen bezala, orain egiten duguna ere musika melodikoa da, baina entzuleari arreta handiagoa eskatzen dio, zelanbait. R zuzenagoa zen, eta kanta berriak intimoagoak.

Eta letrei dagokienez?
Momentuan bizi dudanari loturikoak dira letrak eta gaiak, R diskoan bezala. Musikagaz eta ahotsagaz bilatzen ditudan sentsazioak osatzen saiatzen naiz letren bitartez. Edozelan ere, musikari eta abeslari gisa ikusten dut gehiago nire burua letrista gisa baino.

Nola heldu daiteke musikari autodidakta bat estilo hauetako profesional izatera?
Nire kabuz eta inguruan izan ditudan musikariengandik ikasi dut. Uste dut entzumena eta sentimendua direla ezinbesteko osagai bakarrak musika ikasteko. Musikarekiko pasioak eta lanak eramango zaituzte gauza berriak ikastera. Musika lengoaia bat da, eta umeek berbetan ikasten dutenean bezala, dakitenei entzutea eta praktikatzea da ikasketaren gakoa. Musikaren kasuan, jotzea eta adieraztea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!