Otsailean Mallorcan (Balear Uharteak) jokatu zen Espainiako neguko txapelketan lehenengoz parte hartu zuten, eta sei dominagaz itzuli ziren. Nekane de la Herak bost irabazi zituen, horietako bat urrezkoa. Nerea Fernandezen brontzeak borobildu zuen Amorebieta-Etxano taldekoen lana. “Hirurak gure taldeko monitore dira gaztetxoenekin. Zelako kirol maila eta esperientzia duten ikusita, erakusteko asko dute”, dio Mikel Zabala entrenatzaileak.
Uztailean Malagan eta Bartzelonan jokatuko diren udako Espainiako txapelketarako hiru igerilari sailkatuta dituzte dagoeneko: Natalia Redondo kimua eta haur-kategoriako Saioa Amorrosta eta Araitz Zunzunegi. Neguko txapelketetan egindako lanaren ondorioz, udakoetarako igerilariak sailkatuta dituzten lehenengo aldia da.
Bizkaiko neguko kopak beste hitzordu garrantzitsu bat izan dira. Banakako txapelketan 47 domina eskuratu zituzten, 17 urrezkoak. Ondoren, taldekakoa prestatzeko, Lekeitiora joan ziren federatuta dauden guztiak, eta hiru egunean “entrenamendu gogorrak” egin zituzten “prestakuntza muturrera” eramanez. Zornotzan jokatutako txapelketan, nesken taldea txapeldun geratu zen.