Asko zegoen jokoan. Play Off-erako borrokan zebiltzan talde bi izan ziren aurrez aurre. Seguros Soliss Alcazar Basket eta Ametx Zornotzak emozioz eta intentsitatez betetako partidua jokatu zuten Alcazar de San Juan (Ciudad Real, Gaztela-Mantxa) herriko kantxan. Luzapen baten ostean erabaki zen garailea: 82-87.
Lehenengo zatia oso parekatua izan zen (36-37). Hirugarren laurdenean Ametx Zornotzak abantaila polita hartu zuen hiru minutu eta erdian 1-12ko partziala lortuta. Garaipenak eskura zirudien, baina azken laurden eskasa jokatu zuten Mikel Garitaonandiaren gizonek. Galdutako baloiak zama astuna izan ziren. Horren adibide da laurdeneko azken jokaldia. Lau segundoren faltan eta partidua 71na berdinduta zegoela, erdiko marraz atzera egin zuten baloia jokoan jartzerakoan. Horrela amaitu ziren arauzko 40 minutuak.
Ematen zuen gaztelarrak konfiantza gehiagoaz heldu zirela luzapenera. Partiduan behetik gora egin zuten, Zornotzak kontrako joera izan zuen moduan. Gainera, zornotzarren saskiratzaile nagusia zen Vucetic (20 puntu) partidutik kanpora zegoen bost faltagaz. Baina unerik gaitzenean aurpegirik onena eskaini zuten: defentsan sendo eta erasoan zehatz. Iker Salazar izan zen partiduko MVPa 26ko balorazioagaz (12 puntu, 13 errebote eta 3 asistentzia).
Argilunekin zipriztindutako partiduan, Ametx Zornotzak bila zebilen helburua lortu zuen: igoera faserako sailkapena. Orain liga erregularra seigarren tokian amaitzen saiatuko dira. Datorren asteburuko azken jarunaldian maila galduta duen Hispagan UPB Gandiak bisitatuko du Larrea. Partidua larunbatean, 20:00etan, hasiko da.