Gaur egungo egoera zein den eta komertzioa zein ostalaritza indartzeko 2017-2020 epealdian zer egin behar den jasotzen du gaur aurkeztu duten planak. Beharrizanak eta iritziak jasotzeko inkestak (650 bat, komertzio, ostalari eta herritarren artean) eta foro parte hartzaileak egin dituzte.
Ikuspegi komertzialetik herrian dauden indarguneak eta ahulguneak bistaratu ditu planak. Ahulguneen aurrean 35 jarduera desberdin jaso dituzte. Horietako bat San Miguel, Karmen eta Konbenio kaleetako komertzioa indartzeko urbanizazio lanak egitea da. “Herriko erdigunean daude, gune komertzialak dira eta erakargarriagoak izan daitezen gune horiei bultzada bat eman behar zaiela proposatu dute ostalari eta komertzioek”, azaldu du Andoni Agirrebeitia alkateak. Ildo horretatik, “seguruenik hurrengo urbanizazio lan garrantzitsuenak gune horietan izango dira”, aurreratu du.
Aparkaleku publikoen erabilera sustatzeko neurriak hartzea, ekintzaileak laguntzeko eta aholkatzeko zerbitzua antolatzea, kontsumoa sustatzeko komunikazio kanpainak gauzatzea eta hiri marka bat sortzea dira planean jaso dituzten beste jardueretako batzuk.
Indarguneak: hamarretik bederatzi gustura bizitza kalitateagaz
“Hamarretik bederatzik Zornotzako bizitza kalitatea ona edo oso ona dela erantzun dute”, Estibaliz Martiartu enplegu eta sustapen ekonomikorako zinegotziaren esanetan.
Krisi sasoian eman diren hainbat datu positibo nabarmendu dituzte. Esaterako, azken 15 urteetan biztanleriak %16 gora egin du eta gaur egun 19.000 biztanletik gora du Zornotzak. Demografia datuekin jarraituz, 20 urtera arteko biztanleak duela hamar urte baino %25 gehiago dira.
Langabezia tasa da azpimarratu duten beste datu bat. %10,2koa da Zornotzan, Bizkaiko batez bestekoa baino %4 gutxiago. Barne Produktu Gordinaren “etengabeko hazkundea” ere nabarmendu du Martiartuk. Era berean, “Zornotza krisialdian lanpostu kopurua handitu duen eta gizarte segurantzarako kotizazioak gehitu dituen Bizkaiko hiru herrietako bat da”, gehitu du. Muskiz eta Zamudio dira beste herri biak.
Ahulguneak: kontsumoak behera
Taberna edo jatetxeetako kontsumoak “behera” egin duela azaldu dute. “Etxetik kanpora kontsumitzeko joera murrizten ari dela dirudi”, azaldu du Martiartuk. Era berean, gazteek Internet bidez gero eta gehiago erosten dute, “saltokien kalterako”. Zornotzakoa, oro har, “komertzio tradizionala” da eta merkataritza dinamika berritzaile “eskasak” daude on-line zerbitzuetan.
Saltzaileen artean dagoen “batasuna txikia” eta merkataritza eskaintzaren “dibertsitate eskasa” dira beste ahaulguneetako batzuk. Zamalanetarako guneak hobetzeko beharra ere jasotzen du planak.
Aste honetan zehar plan osoa Zornotza Udaleko webgunean argitaratuko dutela aurreratu dute.