Iriarte: “Azken partiduetako garaipenek indarra emango digute denboraldi bukaerarako”

Maialen Zuazubiskar 2017ko mar. 5a, 11:00

David Iriarte Urdiainek Iruñeko sustraiak ditu, Palmako saskibaloi jokalaria da, eta Zornotza Saskibaloi taldean dabil denboraldi honetan.

Urte erdi daramazu Zornotzako Saskibaloi taldean. Zerk erakarri zintuen Zornotzatik?
Urte asko neramatzan Badalonan jokatzen, eta azken bi urteetan Urrezko LEB ligan jokatzen nenbilen Prat taldeagaz. Baina, azken denboraldian, Badalonako ibilbideari bukaera ematea erabaki nuen, nire kirol ibilbidea geldirik ikusten nuen eta.

Orduan, Zornotzara etortzea erabaki zenuen?
Mikel Garita Zornotzako entrenatzaileak proiektuaren berri eman zidan, eta asko gustatu zitzaidan kontatu zidana. Aurretik etorrita nengoen partiduak jokatzera, eta gogoko nuen bertakoa giroa. Gainera, taldean egondako hainbat lagunek ere oso ondo hitz egin zidaten proiektuaz. Horrez gain, Mikelegaz hitz egin ostean, Carles Duran Bilbao Basketeko entrenatzaile berria izango zela jakin nuen, eta hori plus bat izan zen niretzat.

Esan daiteke, beraz, Duran Bilbao Basketeko entenatzaile berria izatea erabakigarria izan zela zure erabakia hartzerako orduan?
Egia esan, bai. Carles Duran Bilbon egongo zela jakin nuenean, baiezkoa eman nien Zornotzakoei. Hala ere, egia da ordurako nahiko konbentzituta nengoela Zornotzako proiektuagaz.

Zornotzako taldean jokatzeaz gain, Bilbao Basketegaz ere entrenatzen zara.
Bai, hori da. Bilbao Basketegaz entrenatzeko aukera eskaini zidaten eta, nola ez, onartu egin nuen. Bilbao Basketeko kideek ea entrenamenduetan lagundu gura nien galdetu zidatenean, ezin nuen sinetsi. Orduz geroztik, beraiei laguntzeaz gain, goi mailako kirolari bikainengandik ikasten nabil. Hemendik, talde bietako kideei eskerrak eman gura dizkiet, bai Zornotzakoei, bai Bilbao Basketekoei, momentu oro niri laguntzen egoteagatik. Pribilegiatu bat naiz beraiei esker.

Etorkizunean, zure burua Bilbao Basketen ikusten duzu?
Hori ez dago nire esku. Egia esan, kontrolatu ezin ditudan gauzekin arduratzea ez zait gustatzen. Baina, argi dago izugarria izango litzatekeela.

Zure taldera itzuliz, zer topatu duzu Zornotzan?
Izugarrizko lan taldea aurkitu dut hemen, oso gustura nago, bai Mikel Garita entrenatzaileagaz, bai taldekideekin. Aitortu behar dut taldeko jokalarien entrenatzeko gogoak asko harritu nauela. Aurreko taldean nengoenean, jendeak ez zituen ondo eramaten sei-zazpi pertsonako entrenamenduak, askori oso gogorrak egiten zitzaizkien. Hemen, berriz, ez da horrelakorik gertatzen. Gutxi gaudenean ere dena ematen da, taldeak ahalik eta gehien hobetu dezan.

Nola zaude momentu honetan taldean?
Taldean oso gustura nago. Banekien aurreko taldean baino rol garrantzitsuagoa izango nuela hemen, eta horrela izan da. Egia esan, hasieran erregulartasuna lortzea kostatu zitzaidan, eta partidu batzuetan nahiko gaizki jokatzen ibili nintzen. Ez nuen nire lekua aurkitzen kantxan. Hala ere, ematen du bolada txar horri buelta eman ahal izan diodala, eta orain, azken partiduetan, benetan dudan maila ematen hasi naizela.

Bolada txar baten amaieraren inguruan hitz egin duzu. Esan daiteke taldeak izan duen bolada txarrari ere bukaera eman diozuela azken hiru partiduak irabazita?
Baietz esango nuke. Azken partidu hauetan taldeak oso ondo jokatu du, eta merezi genituen garaipenak eskuratu ditugu. Seguru nago azken partiduetako garaipenek indarra emango digutela denboraldi bukaerarako.

Beraz, azken asteetako garaipenek taldea indarberritu egin dute?
Dudarik gabe. Une honetan taldea oso ondo dago, inoiz baino hobeto jokatzen ari garela esango nuke, eta hori emaitzetan ikusten da. Gainera, asterik aste hazten goazela esango nuke. Hala ere, egia esan, denboraldia nahiko ondo hasi genuen, baina hainbat jokalari lesionatu egin ziren, eta taldearen maila jaistea ekarri zuen horrek. Orain, baina, merezi dugun tokian gaudela esango nuke.

Denboraldia bukatzear dago. Zortzi partidu falta zaizkizue denboraldiari bukaera emateko. Badaukazue helburu konkreturik?
Oker ez banago, etxean lau partidu falta zaizkigu, eta beste laurak kanpoan dira. Beraz, helburua argia da. Etxeko partidu guztiak irabaztea da gure nahia, Zornotzako zaleei garaipen horiek zor dizkiegu eta. Bestalde, play off-etan egongo garela oraindik ziurra ez den arren, ez daukat dudarik hori ere lortuko dugula.

Zure kirol ibilbideari errepaso bat eginez, 2013an brontzezko domina irabazi zenuen Europako txapelketan, eta 2014an zilarrezkoa. Gainera, egun NBAn dabiltzan Hernangómez anaiekin aritu zinen. Nolako esperientziak izan ziren?
Esperientzia izugarriak izan ziren, ahaztezinak. Urte askotako lan gogorraren emaitzak izan ziren bi dominak. Egia da 2014an selekzioan jende garrantzitsua falta izan zela, eta eurak egon izan balira, agian nik ez nuela tokirik izango. Baina selekzioko parte izan nintzen, eta partiduetan minutuak izan nituen. Oso pozik nago lortutakoagaz. Eta, nola ez, egun saskibaloiaren maila gorenean daudenekin taldea partekatzea ikaragarria izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!