Nola joan zen Euskadiko txapelketa?
Egia esan, lasterketa oso ondo joan zen. Haize izugarria zebilen, eta lasterketa hasi aurretik ingurukoek lasterketako lehen partea lasai hartu eta taldean joateko esan zidaten.
Baina, gomendioei kasu handirik egin gabe, lasterketa buruan ikusi zintugun hasiera-hasieratik.
Bai, horrela da. Lasterketa oso geldo zihoan, eta nik proba gogortzea behar nuen, ez bainaiz oso arina. Orduan, lasterketa buruan jartzea erabaki nuen. Hala ere, erritmoa jartzen hasi nintzenean, lasterketan zeuden bi marokoarrek aurrera egin, eta nik atzeko taldetxotik tiraka jarraitu nuen.
Baina, azken itzulian, Samira Abbouche marokoarra aurreratu eta Maayoufengandik bost segundora helmugaratzea lortu zenuen.
Izugarria izan zen. Momentu oro neure buruari pixkatxo bat gehiago eskatzen nion, eta Abboucherengana heldu eta atzean uztea lortu nuenenan ezin nuen sinetsi. Oso pozik nago emaitzagaz.
Euskadiko txapelketako podiuma Durangaldeko hiru korrikalarik osatu zenuten.
Momentu honetan, Euskadin Durangaldeko korrikalariak oso ondo gabiltza. Durangaldea krosaren gorenean dago. Euskadiko lasterketetan, bai kros laburretan eta baita kros luzeetan ere aurrean egoten gara, eta hori dagoen maila onaren seinale da.
Bestalde, duela pare bat aste, Europako Txapelketa jokatu zenuen. Nola gogoratzen duzu?
Oso urduri egon nintzen arren, oso polita izan zen Europako txapelketa hura bizitzea. Banekien herrialde bakoitzak talderik onena eramango zuela lasterketara, dituzten korrikalaririk onenak.
Eta nola joan zen lasterketa?
Oso ondo joan zen. Nire aurreikuspenak ez ziren bete, azkenengo bukatuko nuela sinetsita nengoen, eta ez, sailkapenaren erdi inguruan bukatzea lortu nuen proba. Beraz, ezin naiteke zoriontsuago egon.
Gainera, taldeka Europako azpitxapeldun gelditu zineten.
Bai, bigarren postu hori lortzea ikaragarria izan zen. Taldeko lanean inoiz lortu dudan emaitzarik onena eskuratu ahal izan dut BM Bilbao taldeagaz.
Azken lasterketetan maila bikainean zabiltza.
Egia esan, bai, baina aitortu behar dut ez nuela horrela ibiltzea espero. Ekainean ebakuntza bat izan nuen, eta bi hilez geldi egon behar izan nuen. Horren ondorioz, ez nintzen oso ondo egon animikoki, eta urrian lasterketak uzteko puntuan egon nintzen. Hala ere, ingurukoen laguntzagaz jarraitzea lortu eta esan dezaket inoizko emaitzarik onenak lortzen nabilela.
Otsaileko azken asteburuan Espainiako Txapelketak jokatuko dira Valentzian. Bertan ikusiko zaitugu?
Bai, Espainiako Txapelketan parte hartuko dut. Hasiera batean kros luzean parte hartzekoa nintzen arren, azkenean, kros laburrean arituko naiz.
Zer dela-eta aldaketa hori?
Taldeak kros laburreko lasterketan postu on bat egitea gura du, momentu honetan taldea oso indartsu baitago. Eta estatuko txapelketara bizkaitar bat derrigorrez eraman behar dutenez, domekako lasterketaren ondoren Espainiako txapelketan proba luzean barik, laburrean aritzeko proposamena egin zidaten, eta baiezkoa eman nien.
Erronka berri horren aurrean, nola ikusten duzu taldea?
Taldea oso indartsu dago momentu honetan, eta Valentziako proban puntuatuko dugun lau korrikalariak sasoi onean gaude. Majida Maayouf, Zulema Fuente eta Judit Pla eliteko korrikalariak dira eta seguru nago hiru hauek lasterketa buruan ibiliko direla.
Eta zure burua, nola ikusten duzu?
Egia esan, inoizko emaitzarik onenak lortu ditudan arren, nire sentsazioak ez dira onenak. Baina, pasa den domekako emaitza ikusita gogotsu nago erronka berri honi aurre egiteko. Gustatuko litzaidake dudan momentu on hau baliatu eta lehenengo hamabosten artean neure burua ikustea.
Taldekako podiumean egon zaitezketela uste duzu?
Bai, lortu daitekeela uste dut. Lehen esan dizudan moduan Maayouf, Fuente eta Pla oso indartsu daude, eta nire aurreikuspenek hutsik egiten ez badidate, podiuma lortu dezakegula uste dut. Hori bai, horretarako gogor saiatu beharko dugu, eta lau korrikalariok lehenengo hamabosten artean sailkatzea lortu beharko dugu.
Etorkizunera begira, baduzu erronkarik?
Egia esan, badut erronkaren bat begi bistan. Irailean beterano kategoriara pasatuko naiz, eta datorren urtean Malagan jokatuko den mundialean 2.000 metroko oztopodun proban lan txukuna egitea gustatuko litzaidake. Urte hauetan denetan ikusi dut gauzak lortu daitezkeela nahi izanez gero. Beraz, ez naiz saiatu gabe geldituko.