“Berdin da lehenengo eta azkenengo amaitu. Triatloiagaz gozatzen duena, proba bat amaitzen duena zein parte hartzera animatzen dena txapelduna da. Guretzat horiek denak txapeldunak dira”, zehaztu du Jaione Agirrek talde berriaren filosofia.
Agirregaz batera, Gontzal Elorriaga, Mikel Diez, Belen Lakuntza eta Edu Lakuntza zornotzarrek sortu dute triatloi taldea. Eduk du esperintziarik gehien, eta taldeko idazkaria da. Gainerako laurak berriak dira triatloiaren mundu honetan. Iruñeko triatloian estreinatu ziren, iazko abuztuan, eta handik egun bira taldea sortzeko lehenengo batzarra egin zuten. Harrezkero parte hartu duten probek euren filosofian sendotzeko balio izan diete. “Guk ez dugu taldeko partaide izateko gutxiengo mailarik eskatzen. Zelan eskatuko dugu, ba, geu gara-eta lehenengo herrenak!”, dio umoretsu Agirrek.
Bidea eginez ikasten
Esperientzia faltan, “ilusioa” dute proiektu berria eraikitzeko gidari. “Bidea egiten gabiltzan heinean ikasten ari gara”, dio Mikel Diezek. Zornotzarrei zein herritik kanpokoei atea irekita duen taldea dira. Zenbat eta jende gehiago, komunitate emankorragoa sortzeko osagaiak izango dituztela azaldu dute. “Sarritan jendea bakarrik irteten da entrenatzera, edo etxean geratzen da. Komunikazio bideak eskainita, hori aldatu daiteke. WhatsApp talde bat sortuz edo beste bide batzuen bidez, triatloilariak elkarrekin harremanetan jartzea da asmoa”, dio Elorriagak. Animatzen direnen artean emakumeak ikusi gura ditu Belen Lakuntzak. “Probetan badaude maila handiko emakume triatletak, baina atzean joaten garen horiek falta dira”.
Otsailaren 18an Sopelako duatloian parte hartzeko asmoa dute, eta horixe izango da talde moduan egingo duten estreinaldia. Dagoeneko badituzte taldeko jantzi propioak Maran Kirolak, Lakuntza soinu tresnak eta Ordobiren laguntzari esker.
Triatloi taldeari buruz gehiago jakin gura duenarentzat helbide elektronikoa (aetriatloi@gmail.com) eta 697 422 810 telefonoa bideratu dituzte.