Zelan eskuratu zenituzten lanaren ardatza diren XX. mende hasierako grabazioak?
Euskal Kultur Erakundeak Mondragon Unibertsitatearen esku utzi zituen grabazioak, eta audio horien azterketa egitea eskatu zion. Gu ikus-entzunezko komunikazioko ikasleak izanik, ikus-entzunezko lan bat egitea proposatu ziguten. Oso interesgarria iruditu zitzaigun istorio horri buruzko dokumentala egitea, eta euskaldun guztiei azaltzea Lehen Mundu Gerran Alemanian preso egon ziren hainbat euskaldun gure tradizioko abestiak kantatzen grabatu zituztela.
Zuen gradu amaierako proiektua izan da ‘Maitia nun zira’. Zer emaitza lortu duzue?
Oso ondo baloratu dute unibertsitatean, eta dokumentalak jasotzen duen istorioa harrigarria dela esan digu ikusi duen jendeak. Lan sakona egin dugu, grabazio guztiak aztertu ditugu lehenengo, eta dokumentala osatu, ondoren.
Noiz hasi zineten grabazioak aztertzen?
Apirilean hasi ginen, eta irailaren 12an aurkeztu genuen lana. Sei hilabetez ibili ginen 78 audioak entzuten eta dokumentala osatzen.
Gogoan daukazu grabazioak lehenengoz entzun zenituzteneko sentipenak?
Hitzik barik geratu ginen, hainbat kanta ezagutzen ditugulako eta gaur egun kantatzen ditugulako. Ondo entzuten zen, gainera, eta emozio handiz bizi izan genuen.
Ezezaguna zen historiako gertakari hori gizarteratzea erantzukizun handia zela ere sentitzen zenuten?
Bai, Euskal Kultur Erakundeak gure gain utzi zuelako lan hori burutzea, eta emaitza ahalik eta onena izan behar zelako.Pribilegiatuak ere sentitu gara, bestalde, hautaketa egiteko, grabazio guztiak entzuteko aukera izan dugulako.
Proiektu hau gauzatu aurretik, ezagutzen zenuen kontzentrazio esparruen krudelkeria?
Historia sakontzeke neukan arloa zela sentitu izan dut beti, ez dut oso gustuko izan. Hego Euskal Herrian Lehen Mundu Gerrari buruz gauza gutxi ikasten dugu eskolan, nahiz eta iparraldeko gure arbasoek gerran parte hartu zuten... Gure arbasoen historia da esku artean izan duguna, eta gauza oso interesgarriak ikasi ditugu.
Euskal kulturgintzan diharduten hainbat lagun elkarrizketatu dituzue dokumentalerako. Zer helburugaz?
Grabazioen istorioa hainbat kulturgileren ahotik kontatzen dugu. Bestalde, Euskal Kultur Erakundeko kide bat eta hiru musikari ere elkarrizketatu ditugu, grabazioetan agertzen diren abestiak kantatzen dituztenak. Kontzentrazio esparruetako audioak ekarri dizkien sentipenez dihardute Mikel Urdangarinek, Kepa Junkerak eta Maider Bedexagarrek.
Ohituta gaudena baino dokumental laburragoa da zuena.
22 minutuko iraupeneko dokumentala egin dugu, izan ere, ohartuta gaude, batez ere gazteok, ez dugula luzera handiko lanak ikusteko ohiturarik.