Nazien Holokaustoko biktima bi Zornotzan jaiotakoak izan ziren

Anboto 2017ko urt. 27a, 09:30

AEBetako armada Mauthausen-eko kontzentrazio eremuan sartzen.

Gerra Zibilak milaka hildako eta zenbatu ezin daitekeen sufrimendua eragin zituen. Kalbario horretako atal bat Espainiatik alde egin behar izan zuten errefuxiatuek pairatutakoa da. Asko euskal herritarrak ziren. Beren gogoz kontra atzerrira jo behar izan zuten Bigarren Mundu Gerraren atarian. Sorterritik urrun, euskal aberrigabe askok nazien kontzentrazio esparruetan amaitu zuten, eta horietako bi zornotzarrak izan ziren: Hilario Agorria Urrutia eta Manuel Mogrovejo Arnaiz.

‘Frankismoaren krimenaren kontra auzia jartzeko euskal plataformak’ egindako ikerketa lanari esker ezagutzen dira izen hauek. Askotariko artxiboetan arakatuz, 200 bat euskal herritarren datuak batu dituzte. Horietako 72 Bizkaikoak dira, eta bi eskualdekoak.

Hilario Agorria 1913ko urriaren 17an jaio zen. Plataformak arakatutako dokumentuetan agertzen denez, 1944ko martxoaren 22an Frantzia Iparraldeko Compiegne herriko presoen gunean zegoen. Paris eta Frantziako zatirik handiena nazien eskuetan zegoen orduan. Martxoaren 25ean Alemaniako Mauthausen kontzentrazio esparrura eraman zuten, eta hantxe egon zen urte bat baino gehiago. 1945eko maiatzaren 5ean irten zen, errusiarrek Berlin eurenganatu eta egun gutxira.

Manuel Mogrovejo 1918ko urriaren 6an jaio zen. Frantziako Gurs gunea ezagutu zuen lehenengo. Josu Chueca historialariak ‘Gurs, El campo vasco’ liburuan gune hartan egondako euskaldunak zerrendatzen ditu, eta Mogrovejo horietako bat da. Frantziako Errepublikak Gerra Zibileko errefuxiatuak hartzeko sortutako gunea III. Reich-ak bere asmoetarako erabili zuen 1940tik aurrera. Ondoren, Austriako Gneixendorf-en zegoen kontzentrazio esparruan ere egon zen, eta handik herrialde bereko Mauthausen-Gusenekora eraman zuten, 1941eko abenduaren 19an. Hiru urte eta erdi eman zituen han, eta Agorriaren moduan, 1945eko maiatzaren 5ean askatu zuten.

Errekonozimendua
Urtarrilaren 27a, barikua, Holokaustoaren Biktimak Gogoratzeko Nazioarteko Eguna da. Horrela izendatu zuen Nazio Batuen Erakundeak 2005ean. Eta euskaldun askok holokaustoa Gerra Zibiletik ihes egin beharraren ondorioz pairatu zutenez, horien errekonozimendua bilatzen du ‘Frankismoaren krimenaren kontra auzia jartzeko euskal plataformak’. Horien historia gutxi aztertu dela uste dute, eta aurten Durango eta Gernika bonbardatu zituztela 80 urte bete direnean, une aproposa iruditzen zaie horretan sakontzen hasteko.

Gaurko nazioarteko egunari begira adierazpen bat atera dute, eta erakundeek eta udalek ere, nork bere adierazpena onartzea gura dute, Plataformako kide Eduardo Gonzalezek adierazi duenez.  Errekonozimenduagaz batera, euren ikerketan jasotako 200 euskaldunen gaineko historian sakontzeko deia egiten diete, batez ere, erakundeei. Aldundiek edo Jaurlaritzako Gogora Institutuak garatu beharreko gaia dela uste dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!