Erdu Pilotan iaz sortutako proiektu berria da. Euren semeak pilota entrenamenduetara eramaten zituzten ama batzuek piztu zuten txinparta. Garbiñe Artaraz da horietako bat. “Larrabetzuko neska pilotariek Zornotzan jokatu zuten egun batean, berbetan aritu ginen. Zergatik gure herrian antzerako zerbait egin ez?”, gogoratu du.
Galdera horren erantzuna Erdu Pilotan kluba izan zen. Hainbat adar ditu, eta emakumeen pilota da horietako bat. Gaur egun, hamabi pilotari dituzte. Gazteagoa den bat kenduta, gainerakoak 25-50 urte artekoak dira. “Pilota gustatzen zaigulako gabiltza, baina, etorkizunera begira, neska gazteei bide berriak irekitzen laguntzea ere gura dugu”, onartu du Artarazek.
Izan ere, mutiletan umetatik nagusietara arte pilotan trebatzeko egitura mailakatu sendoa dagoen bitartean, nesketan hutsune nabariak daude. Azken urteetan gero eta pauso txiki gehiago ematen ari diren arren, oraindik lan handia dago egiteko. Egoera hori ondo ezagutzen du Iker Hormaetxeak, bizitza osoa darama-eta pilotari lotuta. “Umetan neska-mutilak batera aritzen dira pilotan. Baina kadeteen adinera [14 bat urte] heltzen direnean sortzen da arazoa. Alde fisikoa handitu egiten da, pilotak pisutsuagoak dira… Neskek ez dute ordura arte gozatu duten beste gozatzen, eta utzi egiten dute. Baina kirolariak dira, kirola gustatzen zaie, eta beste kirol batzuetan hasten dira, saskibaloian edo futbolean, esaterako. Hori pena da eta horrelako zenbat kasu ikusi ditudan!”, azaldu du klubeko kide eta entrenatzaileak.
Horrela, “emakumeek osatutako taldeak hasi duen bide berria behetik etorriko direnekin lotzea” dute helburu. Adin tarte jakin batera heltzean pilota uztea erabakitzen dutenentzat “alternatiba” izan gura dute. “Apurka joango gara. Helburu gehiegi batera gauzatu nahia okerrerako izan daiteke. Lehenengo, talde hau egonkortu gura dugu, ondoren gaztetxoen eremua lantzen hasteko”, dio Hormaetxeak.
Era berean, emakumeen esku pilota sustatzeko, federazioek eta herrietako klubek elkarlanean aritu behar dutela uste du, modu koordinatuan lan egin behar dutela: batzuek pilotariak trebatzen eta besteek pilotariei lehiatzeko aukerak eskaintzen. Gaur egun emakumeen paleta goma modalitateak duen antzerako txapelketa zirkuitua saretu beharra ikusten du esku pilotan ere.
Txapelketaren hasiera
Zornotzako klubak sei bikote izango ditu lehen mailako binakako txapelketan: Janire Barayazarra-Eneritz Barayazarra, Dayneris Del Val, Garbiñe Artaraz, Garbiñe Zunikarai-Idurre Oregi, Nerea Urdangarin-Marian Zamalloa, Ana Lopez-Iratxe Zubikarai eta Jone Aranguren-Jone Zabala.
Astean birritan entrenatzen dira eta, eguaztenetako saioetan, txapelketara begirako prestaketa berezia burutzen dute. Pilotan jokatuz gozatzea da helburu nagusia, baina martxoaren 5eko finalak Zornotzan bertan jokatuko direla kontuan hartuta, lan ona egin gura dute. “Erantzukizun puntu bat ere sumatzen dugu”, onartu du Hormaetxeak.
Dayneris Del Val: “Finala Zornotzako pilotari batek jokatzea itzela litzateke”Dayneris Del Val-ek lau urte daramatza Zornotzan. Erdu Pilotan sortu zenetik dabil pilotan, eta txapelketan parte hartuko du. Hasieran modalitatera egokitzea kosta egin zitzaiola onartu du, baina gaur egun gustura dabil eta taldeko giroa azpimarratu du. Zergatik hasi zinen pilotan? Zelako esperientzia izan da orain artekoa? Sortu duzuen taldea neska gazteentzat amua izan daiteke? Txapelketako finala Zornotzan jokatuko da. |