Bihar 'Frankoren bilobari gutuna' ikustera joateko gonbita antzokitik

Anboto 2017ko urt. 19a, 12:51

2017ko lehenengo hilabeteetarako prestatu duten kultur programazioa aurkeztu, eta bihar (21:00etan) antzoki horretan izango den Frankoren bilobari gutuna antzezlanera joateko gonbita luzatu dute, gaur, Zornotza Aretoan. Zornotzako alkateak, Ametx erakundeko arduradunek eta Ander Lipus aktoreak parte hartu dute aurkezpenean.

Joan zen astean Ganso&Cia taldearen Kaput antzezlana izan zen 2017an Zornotza Aretoak hartu zuen lehenengo emanaldia, baina areto horretan ikusgai izango den euskarazko lehenengo antzezlanaren hitzordua bihar izango da. Frankoren bilobari gutuna obra eskainiko dute Ander Lipus eta bere taldekideek. "Azaroaren 1ean estrenatu genuenetik nahiko arrakasta izaten ari da antzezlana", azpimarratu du Lipusek, "antzoki asko bete egin dira, eta bihar Zornotzan ere horrela gertatzea gura genuke".

Duela sei urtetik Errautsak edo Hamlet antzezlanekin egin duten bezala, hiru antzerki taldetako sortzaileen elkarlanetik sortu da Frankoren bilobari gutuna, Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren gidoian oinarrituta.

Frankismoan euskaldunok pairaturiko genozidioari buruz jarduteko, drama eta umorea uztartzen ditu antzezalanak, eta gaur egungo ospitale bateko medikuen eta gaixoen paperean dihardute zazpi aktorek. "Frankismoak utzitako zauriei buruzkoa" da obra, Lipusen berbetan. "Zauri horiek itxi ezean, belaunaldiz belaunaldi igarotzen dira", adierazi du aktoreak, eta "antzerki emanaldia katarsi" edo sendatze kolektibo bezala proposatzen dute.

Eskaintza anitza

Luisja Ugarte kultura teknikariak aurkezpenean azpimarratu duenez, Frankoren bilobari gutuna ezezik, euskarazko beste hiru antzezlan ere izango dira urtarriletik maiatzera arte Zornotza Aretoan: Titirikontu kontari otsailaren 11n, Atte hil aurretik martxoaren 3an, eta Gu apirilaren 1ean. Gainera, Frida Kahlo, Hilos, Muxua, Perplejo eta Elektra antzezlanak ere izango dira datozen asteburuetan areto horretan ikusgai.

Antzokiko programazioak "denetarik eskaintzea" eta "aretora hurbiltzen diren lagun guztien gustoa asetzea" duela helburu azpimarratu du Ugartek. Horrela, antzerkia ezezik, zuzeneko musika, zineforuma eta dantza ikuskizunak ere eskainiko dituzte. Ugartek gaineratu du, abendutik bazkidetza kanpainan daudela Zornotza Aretoan, eta zornotzar guztiak animatu ditu eskaintza gozatzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!