The Van, Incursed eta 71 dira maketa lehiaketako finalistak

Anboto 2017ko urt. 18a, 16:00

The Van berriztarrek, Incursed bilbotarrek eta 71 madrildarrek lortu dute Zornotzako Udalak antolatzen duen maketa lehiaketako finalera iristea. Lehiaketako beste emanaldiak bezala, Zornotzako Zelaieta zentroko kontzertu gelan izango da finala, otsailaren 10ean, 23:00etan.

Lehiaketan parte hartzeko izena eman zuten 17 taldeetatik epaimahaiak zuzenekoetan aritzeko aukeratutako 9 taldeen zerrendan sartzea lortu zuten lehenengo, eta finalaurreko kontzertuetan erakutsitako mailagatik lortu dute The Van, Incursed eta 71 taldeek lehiaketako finaleraino ailegatzea.

Hiru proposamen musikal desberdin izango dira final horretan entzungai: Berrizko The Van talde gaztearen rock & roll klasiko eta blues ukituko kantak, Incursed taldearen heavya, eta 71 madrildarren pop rocka. Hogei minutuko emanaldia eskainiko du talde bakoitzak finalean, eta lehiaketako sari banaketa egingo dute, ondoren.

Otsailaren 10eko kontzertuen ostean, epaimahaiak irabazle izendatzen duen taldeak 1.500 euroko sari nagusia eskuratuko du, eta epaimahaiaren ustez euskarazko kantarik onena aurkezten duen taldeak, berriz, 500 euroko sari berezia.

Maketa lehiaketa honen laugarren finala da The Van, Incursed eta 71 taldeek jokatuko dutena. Aurreko edizioetan, Kilauea, Mockers eta Desore taldeak izan dira sari nagusia jaso duten musika taldeak.
Maketa lehiaketa hau martxan jarri zutenean, Abadiño, Durango eta Iurretako udaletako gazteria sailek ere parte hartu zuten antolakuntzan, baina orain, Zornotzako Udalak dihardu bakarrik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!