"Ez dugu emakumeenganako eraso fisikorik, kontrolik, irainik eta mehatxurik onartuko"

Anboto 2017ko urt. 14a, 11:34

Zornotzako Emakume Taldeak prentsaurrekoa eskaini du, urtarrilaren 6an jazotako eraso sexista salatzeko. "Jarrera matxista hauekin amaitzea guztion ardura da", esan dute.

50 bat lagun elkartu dira udaletxepean egin duten prentsaurrekoan. Adin guztietako jendea, emakume zein gizon, baina batez ere neska gazte asko. Haserre gaude, ez gara isilduko zioen pankarta ere zabaldu dute. Erasoaren salaketa irmoa burutu dute. "Ez dugu  horrelako jarrerarik onartuko, ez hemen, ez inon. Ez dugu emakumeenganako erasorik, kontrolik, irainik eta mehatxurik onartuko", adierazi dute.

Kontatu dutenez, neskak aurre egin zion erasotzaileari, eta gero epaitegira joan zen salatzera. Emakume taldearen ustez, "emakume guztion aurkako erasoa" izan da, eta "beharrezko den bakoitzean" horrelako erasoak azaleratzeko prest daudela diote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!