Udaleko bozeramaileen batzordea gaur goizean bildu da eta udalean ordezkaritza duten alderdi denen artean erasoa “irmoki arbuiatzen” duen adierazpen instituzional bat onartu dute. Erasoa salatu egin dela eta Bilboko epaitegietan genero indarkeria kasu bezala aztertuko duen auziaren zain dagoela jakinarazten da adierazpenean.
“Ekintza arbuiagarria da, Amorebieta-Etxanon zein beste edozein lekutan berriro errepikatu behar ez dena eta udalbatzak bere konpromisoa berretsi nahi du bizitza, askatasuna, duintasuna eta emakumeek herritar gisa dituzten eskubideen kontra erasotzen duten indarkeria mota gutziak errotik ezabatzeko". Herritarrei “eraso sexisten konplize izan ez daitezen “ dei egin diete.
Biktimari eta bere familiari “udalaren esku dagoen guztian laguntza eskaintzeko prest gaude eta, aldi berean, errespetu osoa agertu nahi diegu”. Udalak ez du erasoa gaitzesteko kontzentraziorik deituko “horrela erabaki baitute biktimak eta bere familiak”.
Zornotzako mugimendu feministaren prentsaurrekoa
Gertatutakoa salatzeko, Zornotzako mugimendu feministak prentsaurrekoa eskainiko du larunbatean, 11.00etan, Zornotzako Herriko Plazan.