Karatea erakustea ala zeu lehiatzea, zer gustatzen zaizu gehiago?
Desberdinak dira. Gazteei nire ezagutza transmititzea asko gustatzen zait. Apurka konfiantza hartzen dutela ikusteak eta konfiantza horrek bizitzako beste alderdi batzuei aurre egiten laguntzen diela sentitzea asebete egiten nauen sentsazioa da. Arlo pertsonalean, irakasten dudana neure buruari aplikatzen saiatzen naiz. Nire helburua ez da munduko txapelduna izatea, gaur atzo nintzena baino apur bat hobea izatea baino.
Ematen du helburu hori lortzen zabiltzala. Iazko azaroan Europako txapelketan parte hartu zenuen Grezian, eta final-laurdenetara heldu zinen.
Iazkoa nire ibilbideko urterik onena izan zen, duda barik. Espainiako txapelketan domina bat irabazi nuen lehenengoz eta Europakora sailkatu nintzen. Ez neukan helburuen artean eta ilusio handia egin zidan. Txapelketan apur bat urduri egon nintzen.
Espero zenuen hain aurrera heltzea?
Ez, inondik inora. Txapelketaren aurreko gauean dudak azaldu nizkion anaiari. Baina gero pentsatu nuen zer galdurik ez neukala eta txapelketa lasai hartu behar nuela. Txanda bi gainditu eta hirugarrenean kanporatu ninduten. Egia esan, ezin dut gehiago eskatu nire lehen parte hartzean.
Noiz eta zelan batu zinen Zornotzako Ukabidea taldera?
Urte eta erdi daramat. Karate ikastaro batean Iñaki Calvo ezagutu nuen eta Ukabidea taldeko gaztetxoak entrenatzea proposatu zidan. Egia esanda, oso pozik nabil. Bost eta hamabost urtera arteko 90 bat gaztetxo ditugu.
Aurretik entrenatu izan dituzu gazteak?
Bai, Ortuellako talde batean eta ikastetxe batean aritua naiz. Gustatzen zait erakustea, baina ez borroka ikuspegitik bakarrik. Karatea borroka baino gehiago da, sarritan kanpotik ikusten ez den arren.
Zer da ba ikusten ez den hori?
Umiltasuna, sakrifizioa, nork bere helburuak jarri eta lortzeko ahalmen mental hori… balio asko ditu.
Nondik datorkizu afizioa?
Etxetik. Anaia karatean dabil eta aita judoan ibili zen lehenengo, eta karatean, ostean. Nik euren eraginez ezagutu nuen mundu hau. Bost urtegaz klaseak hartzen hasi eta apurka zaletu egin nintzen. Gaur egun ez dut nire bizitza karate barik imajinatzen. Nire pasioa da. Gimnasioan sartzean ahaztu egiten ditut arazoak.
Gaitza da gerriko beltza lortzea?
Apur bat neurriz kanpo baloratuta dago. Jendeak uste du gerriko beltza karatearen tontorra dela. Nik ez dut horrela ikusten. Gerriko beltzak ez du ezer esan gura. Nire ustez, hasiera bat da, karatea benetan ezagutzen hasteko abiapuntua.
Sakrifizioa, konstantzia… aipatzen dituzu. Karate Kid filmeko entrenamenduak erakargarriagoak ziren.
(Barrea). Ez du film horregaz zerikusirik. Lan handia eskatzen du eta entrenamenduak gogorrak dira. Diziplina, lan fisikoa eta kontrol mentala eskatzen ditu. Lan mentala oso garrantzitsua da.
Ukabidea karate taldea ez ezik, Ukabilak arte martzial mistoen taldea ere baduzue zuen inguruan. Inoiz pentsatu duzu bide hori lantzea?
Praktikatu izan dut, eta oso dibertigarria da.
Dibertigarria? Nik beste adjektibo batzuekin deskribatuko nuke modalitate hori.
Niretzat dibertigarria da. Kontuan hartu behar da entrenemenduetan sekula ez dugula indar guztia erabiltzen. Oso kirol konpletoa iruditzen zait: jo egin daiteke, arerioa lurrera bota, heldu… denak balio du. Beraz, sekula ez dakizu borroka zelan garatuko den. Mundu hau ezagutzen jarraitzea gura dut. Beste kontu bat da borrokaldi ofizialak egitea. Beste lan bat duzunean beti ubelduekin edo sudurra apurtuta agertzea ez da gustagarria.
Modalitate batzutan urte gutxian oihartzun handia lortu duen kirola da. UFC txapelketako Conor McGregor, esaterako, boxeoko beste edozein izar bezain ezaguna da.
Nire erreferenteetako bat da. Oso borrokalari ona da, baina, batez bere, prestakuntza mentala gustatzen zait. Borrokaldi bakoitzean irabaziko duela konbentzituta egoten da eta konfiantza handia du bere buruarengan. Baina, aldi berean, galtzeari ez diola beldurrik dio.