Zebrabideetako arriskua murrizteko eta aparkalekuetako egoeraren berri emateko neurriak gauzatu dituzte

Anboto 2015ko aza. 12a, 16:12

Udal ordezkariak Bideaur biribilguneko informazio panelaren aurrean.

Bidean Planeko azken fasean egindako ekintzen berri eman dute gaur.

Oinezkoen segurtasuna hobetzea izan dute helburuetako bat. Trafiko emaria eraginkortzeko neurriekin, airearen kalitatea zaintzea eta herrira datozenen joan-etorriak erraztea gura dute.

Zornotzarren beharrizanak jakiteko egindako herri batzarretan “gehien errepikatu den eskaera” San Pedro kaleko zebrabideen segurtasunaren ingurukoa izan dela azaldu du Andoni Agirrebeitia alkateak. Beraz, oinezkoen segurtasuna gehiago bermatzeko, kale horretako hiru zebrabideetako argiztapena hobetu dute, auto gidariek gehiago ikusi dezaten. Zebrabide horiek, batez ere, gauez eta egun euritsuetan dira arriskutsuak.

Gainera, LED bidezko argiztapenak kontsumoa 140 watt-etik 53ra murrizten duela adierazi dute. Horrela, argiztapen berriak kontsumo baxuagoaz argi potentzia handiagoa eskaintzen duela azpimarratu dute.

Gidarientzako informazio panelak

Bidean Planaren barruko beste ekintza bat hauxe da: Herriko lau sarretan (Bideaur, Betarragane, San Pedro eta La Tejerako biribilguneetan) eta Karmen kalean gidarientzako informazio panel informatizatuak jartzea. Panelek herriko sei aparkalekutan libre dauden plaza kopuruak jakinarazten dituzte. Zehazki Ixer, Nafarroa Zentro, Betarragane, Zubiondo, Ibaizabal eta Elizondoko aparkalekuetako informazioa jasotzen dute. Orain hilabete inguru jarri zituzten eta harrezkero sistema doitzen aritu dira.

Neurri honen bidez, auto gidariek herrira sartzeagaz batera jakingo duten aparkalekuetako egoeraren berri: zeintzuk dauden beteta eta zeintzuetan dagoen tokia. Ondorioz, segituan bideratu daitezke parking batera edo bestera, alperreko joan-etorriak ekidinda. Gidariei informazio hori erraztuz, herriguneko trafiko emaria gutxituko dela uste dute eta horrek ingurugiroari lotutako ondorio onuragarriak ekarriko lituzke: “Erregai gutxiago gastatuko denez, gutxiago kutsatuko du eta airearen kalitatean eragingo du. Zarata gutxiago ere egongo da”.

Panelen beste helburu bat kanpotik—Arratiatik, batez ere— Zornotzara erosketak egitera datozenen joan-etorriak erraztea da.

Panelen kokapena eta funtzioa azaltzen duten triptikoak aterako dituzte datorren astean. Herriko komertzioetan eskuragarri egongo dira.

Bidea Planeko beste ekintza bat, dagoeneko indarrean dagoena,  ibilgailuen herriguneko abiadura 30 kilometro ordukora jaistea izan da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!