“Gaztea nintzenetik joan naiz eskalatzera Atxartera, eta naturagazko harremanak beti izan du eragina arte garaikideko nire jardunean”, kontatu du artistak. Anbotoren ezaugarri ezezagunenei argazkiak egiteko asmoagaz ekin zion proiektu artistiko honi, eta muturreko egoeretan egin zituen argazkiak Anboton.
Bat kenduta, zuri beltzeko argazkiak dira erakusketako beste argazki guztiak, ikatz tintagaz inprimaturikoak. Egilearen berbetan, teknika horrek “tonu gris eta zuriei aberastasun handia ematen die”.
“Artista askorentzat elementu inspiragarria” izan delako, Japoniako Fuji mendiagaz alderatzen du Marrodanek Anboto: “Mari, euskal mitologiako amalurraren errepresentazioa bertan bizi delako da mendi enblematikoa”, dio artista deustuarrak, eta bere itxura “piramidal” horretan, “arketipikoa” ere bai. Mendi enblematiko eta arketipiko horri ikuspuntu berdinetik egin zizkion argazkiak, baina urtaroen argi desberdinagaz. Margolari inpresionistek bezala, baina argazkigintzatik jardun da.
Proiektua gauzatzen ibili den bost urteotan une magikoak bizi izan dituela kontatu du argazkilariak: “Gauak bertan harrapatu nau hainbat aldiz, jendea ere ezagutu dut...”. Iazko errege bezperan, esaterako, Anbotora igo eta bere liburua opari utzi zuen, errege egunez goizean norbaitek topatu zezan.
Proiektuaren webgunea, Frozen trees erakusketa eta Marrodanen argazkiak eta Juanjo San Sebastian mendizalearen testuak biltzen dituen Anboto liburua dira bost urteko lanaren emaitzak, “arte garaikideko lan bat eta liburu dibulgatzaile bat, aldi berean”.
Marrodanek ez du Anboto proiektua amaitutzat jo. Argazkilaritzara mugatu barik, Oteiza Fundazioan arte garaikideagaz loturiko proiektu bat gauzatuko du, Anbotogaz, Oteizaren desokupazioaren ideiagaz, elurragaz eta izotzagaz zerikusia duena.
“Ez naiz argazkilaria. Ditudan tresnak nire beharrizanen arabera darabilzkit: lengoaia desberdinak uztartzen ditut, artearen bidez nire jarrera politikoa hartzeko”, dio artistak.