“Poema bakoitzari dagokion melodia bilatzeko lana oso atsegina egin zait”

Itsaso Esteban 2016ko urr. 17a, 09:16

Argazkia: Iñaki Mendizabal

‘Da Nola’ disko berria plazaratu du ‘Inun’ musikari zornotzarrak. Urriaren 20an aurkeztuko du, Bilbon.

Bizi zaren hiriko Kafe Antzokian aurkeztuko duzu ‘Da nola’ disko berria. Zer sentsazio daukazu aurkezpenagaz?
Niretzat aurkezpena Kafe Antzokian egitea ohore bat da, sari bat. Oso sentsazio onak izaten ari naiz disko berriagaz, entsegu oso politak egiten gabiltza taldekideok, eta gauza ederra izango dela uste dut.

‘Berreginez’ lehenengo diskoa ere Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zenuen, ezta?
Bai, baina hura bakarkako proiektua zenez, ez nuen eszenatoki handian jo; goiko aretoan, giro intimoagoan aritu nintzen. Urriaren 20ko kontzertua Kafe Antzokiko areto nagusian izango da, bandagaz.

Birako kontzertuak bandagaz egingo dituzu?
Bai, baina kamaleonikoa izan naiz beti horri dagokionez, eta horrelaxe jarraituko dut: leku batzuetan bandagaz joko dut, eta egoeraren arabera binaka, hirunaka edo boskote formatuan. Izan ere, nire gitarragaz, pedalekin eta looper-agaz ere oso gustura ibiltzen naiz.

Zer musikarigaz diharduzu boskotean?
Musika munduan murgildu ahala, ezagutu eta kidetasuna sentitu dudan jendea da bandan laguntzen didana. Bateria jotzen Argibel Euba dabil, Dani Tomás gitarra jotzen, Bihotz Gorospe koroak egiten eta perkusioa jotzen, eta Ekain Alzola baxua jotzen.

Zein da ‘Da nola’ izenburuaren esanahia?
Karmele Igartuaren Malekoia poemakoak dira bi hitz horiek. “Ez da non, da nola”, esaten du. Disko honetan euskal poeten olerkiak musikatu ditut, eta neuk ere formari garrantzia handia eman diot.

Zure testurik ez dago diskoan. Ez duzu sumatzen zeure letrak kantatzearen falta?
Horixe da disko honen berezitasuna: letra guztiak euskal idazleen poemetatik datozela. Gustuko dut idaztea eta kanta baten bide osoa egitea, baina lehenengo diskoan ere Iñaki Mendizabalen hitzak zeuden, eta ohituta nago beste batzuen hitzak musikatzera. Diskorako poema bakoitzari dagokion melodia bilatzeko lana oso atsegina egin zait.

Zer poetaren letrak aukeratu dituzu diskorako?
Karmele Igartua, Miren Agur Meabe, Itxaro Borda, Jon Mirande, Castillo Suarez, Bernardo Atxaga, eta Jon Aranoren letrak hautatu ditut.

Zelan egin duzu hautaketa?
2015ean eta 2016an Gutun Zuria literatur jaialdian eta Bernardo Atxagaren emanaldi batean parte hartu nuen, poemak musikatuz. Erotismoa eta delitua izan ziren Gutun Zuria jaialdiaren bi edizio horietako gaiak, eta bere poemak musikatzeko enkargua egin zidan, bestalde, Atxagak. Diskoan daude poema horiek, ziklo hau plazaratu beharra zegoela pentsatu nuelako.

Zure lehenengo diskotik, zer pauso eman duzu?
Aldaketa nagusia instrumentazioan dago: soinu aldetik aberatsagoa da hau. Lehenengoa zuzenean eta neuk bakarrik grabatu nuen, eta bandagaz dihardut orain. Gainera, urteotan ikasi dudanagatik, badago progresio orokor bat.

Gustura zaude ‘Berreginez’ zure lehenengo diskoak egin zuen bideagaz?
Erabat. Zerotik hasi nintzen Berreginez diskoagaz, eta espero ez nituen ateak zabaldu dizkit. Sorpresaz betetako bidea izan da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!