“Ziklo hau amaitutzat emateko modua dela pentsatuta argitaratu dut hirugarren liburua”

Anboto 2016ko ira. 25a, 10:00

Unai Ormaetxea (Zornotza,1974)

Asteon aurkeztu du Unai Ormaetxeak Bille liburua, eta bertako testuekin emanaldi bat prestatzen dihardu.

Bille, zure hirugarren liburua, aurkeztu zenuen eguaztenean, Zornotzan.
Aurretik bi liburu kaleratu nituen, eta jende askok atera nituela ere ez daki. Bille eguneroko moduko bat da, urtaro bakoitzeko giro eta kutsu jakin bateko testuak biltzen dituena, eta horregatik egin nuen aurkezpena irailaren 21ean.

Aurreko bi lanen artean lau urte igaro ziren, eta zortzi hirugarrena kaleratu duzun arte.
Hurrengoa hamasei urte barru! (barrez). Egunerokoaren ariketa eginda neukan lehenago ere, baina duela bi urte arte ez zait hori dena ordenatzeko gogoa sortu. Ziklo hau amaitutzat emateko modua dela pentsatuta argitaratu dut liburua.

Zelan egin zenuen aurreko liburuen zabalkundea?
Autoprodukzioa izan dira, eta Zornotzako Erroteta argitaletxean inprimatu ditut. Erroteta argitaletxeko Joseba Berriotxoak eskura ipini izan dizkit baliabide guztiak, eta berari esker kaleratu ahal izan ditut lanak. Autoprodukzioak oso gauza erromantikoa ematen du, baina liburuen zabalkundea zaila izaten da argitaletxeek dauzkaten sareetatik kanpo.

Saiatu izan zara inoiz argitaletxeekin harremana egiten?
Lehenengoagaz egin nuen saiakera bat, baina neure barrua husteko ariketaren ondorioa dira lanok, eta hori ez da formato jakin baten barruan sartzen. Argitaletxeek lanak etiketatu gura dituzte, eta nireak ez dira ez etiketa batean ez bestean sartzen.

Afalosteko kafeak liburuaren tematikak ez luke gazte literaturan lekurik edukiko?
Izan zitekeen horrelako sail baten parte, bai. Bost perfil desberdin sortu nituen libururako, denak neugandik eratorriak, eta hamaika gautan, bakoitzean gai baten inguruan solasean ipini nituen. Esaldi lapidario eta metaforiko asko dago liburu horretan, eta izan daiteke teatro kutsua ere ematea horrek testuari.

Duela 12 urte idatzi zenuen.
Bai. Gaurtik ikusita huts asko izango ditu seguruenik lan horrek, baina hori da ni duela hamabi urte nintzena. Ez nuke ezer kenduko ez ipiniko. Liburu horretakoa da orduan nintzenaren argazkia.

Zure blogetik jaitsi daitezke zure lehen liburu biak.
Bai, Bille argitaratu orduko igo nituen. Eskuragarri ipini nahi izan nituen irakurtzeko interesa duenarentzat.

Blog horretatik sortutakoa da Bille liburua, ezta?
Bai, blogean eguneroko moduko bat egiten ibili nintzen; batean olerki bat, bestean bideo bat igotzen nuen... egunero zerbait. Hori dena ordenatzeko modua izan da Bille argitaratzea, blogean egindakoa liburu euskarrira ekartzea.

Mario haritik tiraka bezala, gogoetaz beteta dago ‘Bille’?
Esentzian hori da. Trilogia baten moduan hartzen ditut nire argitalpenak. Nire barruak husteko modua izan dira hirurak, landu gura izan ditudan gaiez berba egiteko modua.

Oso adierazpide desberdinak uztartzen dituzu liburuetan: ipuinak, olerkiak...
Bai, izan ere, nire burua ez dut idazletzat. Izatekotan, sortzailea naiz, idatzi zein doinuak sortzen dituena.

Mario, haritik tiraka bezala, ikuskizuna ere izango da Bille

Mikel Inunziaga Inun Zornotzako musikariak bere ahotsagaz eta gitarragaz lagunduta eskainiko ditu Unai Ormaetxeak Bille liburuan oinarrituriko emanaldiak. Bere hirugarren liburuko testuak errezitatuko ditu Ormaetxeak, eta liburuko bertso-sorta batzuk kantatuko ditu Inun-egaz.

“Sinplea, gordina, izango da ikuskizuna”, aurreratu du Ormaetxeak, “formatu txikiko ordubeteko emanaldia”. Bille liburuan islatutako urtaro bakoitzeko lau testu aukeratuko dituzte emanaldirako, eta urtaro bakoitza Inunen Berreginez diskoko kanta batek itxiko du.

Ormaetxeak aurreratu du, Durangoko Azokako Ahotsenean aurkeztu gura dutela ikuskizuna. Kontatu du, Mario haritik tiraka disko-liburua aurkezteko prestatu zuten ikuskizuna gehiago zabaldu ez izanaren pena duela, eta Bille-gaz saiatu gura duela. Exkixu eta Ken 7 taldeen kontzertuetan bertsotan aritu izan da urteetan Ormaetxea, eta bere liburukoa oholtzatik eskaini gura du orain.

Marioren emanaldia
Aitor Rubio musikariak lagundu zion Mario haritik tiraka liburua zuzeneko ikuskizun bihurtzeko kantak moldatzen, eta gitarrak, saxofoiak, irudiek eta hitzek osaturiko ikuskizuna prestatu zuten. “Liburua beste begi bategaz azaldu gura nuen”, kontatu du Ormaetxeak. Zornotzako Zelaieta zentroan egin genuen Mario haritik tiraka ikuskizunaren “zero emanaldia”, eta emaitzagaz oso pozik geratu ziren. Baina ez zuten horren ostean beste emanaldi bat ere emateko aukerarik izan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!